cropped-shoulder-pain.jpgEskuzko terapiak sorbaldako tendinopatian nola lagundu dezakeen ikusteko, ezinbestekoa da tratamenduaz gain, eskuzko terapiak patología honetan duen ikuspuntua argitzea. Horretarako, hainbat artikulu gomendatuko ditut nire iruzkinean eta hauen irakurketa kritikoa gomendatzen dizuet.

Unibertsitatetik atera ginenean, ni eta nire klasekideei gauza bat argi utzi ziguten sorbaldako tendinopatiari aurre egiterako garaian. Sorbaldako min hori,  estruktura baten lesioaren ondorioa zela. Lesio hori topatzeko, oso ezagunak diren eta Loitzunek primeran argitu dituen, test klasikoak erakutsi zizkiguten. Honela, test hauek, estruktura baten lesioa beste batengandik isolatzeko ahalmena dutela onartzen da eta beraz, sintomatologia era analitiko eta bereizgarrian azaltzen dela.

Eskuzko fisioterapiaren ikuspuntutik ordea, premisa hau zalantzan jarri ohi da. Hausnarketa sakon bat egiten badugu, test klasiko hauetan beste hainbat estruktura tentsionatu edo uzkurtuko direla datorkigu burura. Ondorioz, test hauek sintomak isolatzeko duten ahalmena eztabaidagarria izan daiteke.

Are eta gehiago, horrelako ikerketak aintzat hartzen baditugu. Non, test hauek positibo faltsu asko sortzen dituztela ohartarazten gaituztenean. Beste metaanalisi honek ere, antzeko emaitzak iradoki dizkigu. Eta beste ikerketa batzuek ordea, diagnostiko zehatz bat emateko duten ezintasuna aurreratzen digute.

Eskuzko fisioterapiaren ikuspuntua argitzeko, ondorengo artikulu hau hartuko dut erreferentzia gisa, eta bertatik joango naiz gaian sakontzen. Honen arabera, hiru arrazoi garrantzitsu daude test hauen bereizgarritasuna zalantzan jartzeko eta ondorioz, ez lirateke tresna diagnostiko onargarriak izango.

  • Biratzaileen mahukatxoaren morfologia: Biratzaileen tendoien uzkurtzea ezin da isolatua izan, hau da, tendoi guztiek batera egiten dute lan loturaren egonkortze dinamikoa mantentzeko. Beraz, biratzaileen mahukatxoaren tendoi baten uzkurtze isolatua, Gerber-en testean adibidez, eztabaidagarria izan daiteke.
  • Burtsa subakromialaren kokapena eta inerbazioa: Disekzioan argi ikusi dezakegu, burtsa honek biratzaileen mahukatxoarekin bat egiten duela eta unitate bakar bat bezala funtzionatzen duela. Lotura estu honek, ezinbestean,  biratzaileen mahukatxoaren konpresio bat aztertzerako garaian, burtsa ere zapaltzea ekarriko luke.
  • Azkenik, gaur egungo irudi bitartezko diagnostikoen eta sintomen arteko harreman eza. Kasu honetan bezala.

Baliteke errealitate kliniko baten aurrean izatea eta sorbaldako tendinopatia aztertzerako garaian, ebaluaketa prozesu desberdinak erabiltzera behartzen gaituen egoera batetan egotea.

Hala balitz, eskuzko terapiaren metodo bat hartuko dugu oinarritzat, arazo honi irtenbidea aurkitzeko garaian. Mulligan metodoa, hain zuzen ere. Egileak proposatzen duen bezala, momentu batez estrukturataz ahazteko eskatuko dizuet. Erabili test eta froga klasiko hauek, baina teorikoki zer frogatzen ari garen kontutan eduki gabe.

Honela, froga klasikoak pazientearen klinika errepikatzeko erabiliko ditugu. Behin, pazientearen klinika errepikatzen duen mugimendu bat daukagunean, honen aldaketa sortu dezaketen 4 prozedura desberdin erabiliko ditugu.

  • Humeroaren buruaren kokapenean eragina eduki dezakeen prozedura. Humeroaren buruan deslizamendu batzuk eginez, edo goma malgu (theraband) bat erabiliaz. Helburua, motore kontrola aldatuko duen patroi berri bat sortzea izango da, pazientearen klinika sortzen duen mugimendua egiten dugun bitartean. Prozedura  honen bitartez, pazientearen klinikan eraldaketa  edo mugimenduan onura nabarmena bilatuko da beti.

  • Eskapularen kokapenean eragina eduki dezakeen prozedura. Eskuen bidez edo hesgailu funtzional baten bidez, eskapularen motore kontrola hobetzea da helburua.
  • Zerbikaletan eragina eduki dezakeen prozedura. Kasu honetan, mina edo mugimendu kopuruan onura ekarri dezakeen zerbikaletako teknikak erabiltzen dira. Ikerketa honen emaitzak kontutan hartzen baditugu, badirudi zerbikalen azterketa ezinbestean egin behar dela sorbaldako tendinopatiari aurre egiterakoan.
  • Bukatzeko, bizkarrezur torazikoan eragina duen prozedura. Bertan, zifosi torazikoa zuzentzen saiatzen gara. Bai, eskuen bidez edo eta hesgailu bat erabiliaz. Badirudi ikerketei jaramon egiten badiegu, bizkarrezurraren postura eta sorbaldako tendinopatiaren arteko erlazioa, argia dela.

Amaitzeko, eskuzko terapiak metodo desberdin asko dituela esan nahi nuke. Hemengo hau, proposamen bat besterik ez da. Hainbat metodologia desberdin daudenez, ezinezkoa litzake denei erreferentzia egitea.

Xabat Casado.

Anuncios