Oraingo honetan joku sinple bat proposatzen dizuet. Ebidentzian oinarritutako osasun-arreta zer den eta nola funtzionatu beharko lukeen (tamalez, gehiegitan gaizki barneratzen da kontzeptua) ulertzeko sarrera txiki bat bezala hartu genezake.

Kasu kliniko bat proposatuko dizuet eta lau tratamentu eta egoera desberdin emango dizkizuet.  Aste bete utziko dugu bakoitzak bere erantzuna eman dezan eta inkesta txiki baten bidez zenbatuko ditugu emaitzak. Hurrengo astean, nere iritzia emango dizuet eta denon artean eztabaida eraikitzaile bat sortzea da helburua.

Kasua honako hau da, labur labur:  55 urteko emakumea. Belauneko min konstantea du osteoartritisa dela eta. Ezaguna denez, zuregana dator gomendio eske.

Nahiz eta zuk baduzun zure iritzi pertsonala, emakumeari tratamentu egokiena gomendatzekotan informazio bila hasten zara sarean eta honako lau egoera hauekin egiten duzu topo:

1- X doktoreak, belauneko kirurgialari aditu eta ospetsuak, kirurgia gomendatzen du zeren “Ehundaka operazio egin ditu eta %90etik gora emaitza on eta bikainak izan dira”. Gainera, kirurgialari honek operatutako paziente bat ezagutzen duzu eta oso pozik dagoela baieztatzen dizu.

2- Argitaratutako kasuen ikerketa bat topatzen duzu. Honakoan Y doktoreak egina. Bertan, kirurgia mota hau jasotzen dutenen %75ak hobekuntza nabariak dituela ondorioztatzen da. Ikerketan parte hartzen duten pazienteei bi urte beranduago egiten zaie galdeketa eta emaitzak, bikainak eta onak dira aipatutako portzentaian.

3- Argitaratutako beste ikerketa batekin egiten duzu topo. Oraingoan, pazienteak osteoartritisean aditua den mediku batengana joaten dira. Medikuak, bi talde desberdin egiten ditu pazienteekin. Batzuk, artroskopia jasotzen dute tratamentu gisa eta besteek ez. Emaitzek zera diote: Artroskopia jaso duten pazienteek kirol gehiago egin dezakete beste taldea osatzen duten pazienteekin alderatuta. Ikerketak zera ondorioztatzen du: artroskopia jaso duten pazienteek emaitza hobeak lortzen dituzte, tratamentu kontserbadorearekin alderatuz.

4- Fisioterapia doktoregai batek onespen etikoa eskuratzen du kirurgialari aditu baten kontsultan ikerketa bat egiteko. Bertan, zorizko eran pazienteak bi taldetan banatzen ditu. Batzuek artroskopia jasotzen dute eta besteek ez. 2 urte beranduago, fisioterapia ikasleak pazienteak elkarrizketatzen ditu berriro eta honako emaitzak lortzen ditu: Bi taldeek funtzio eta min maila berdinak dituzte. Bi taldeek NRS eskalan 5 puntuko beherakada ondorioztatzen dute.

Lau egoera hauek kontutan hartuta, zein iradokiko zenuke tratamentu gisa? Norengana bidaliko zenuke?  Utz ezazu hemen erantzuna:

Anuncios