Alde guztietatik entzuten dugu korrika egitea TXARRA dela emakumearentzat.

Ba aitortzen dut, pekataria naiz. Emakumea, zoru pelbikoan espezializatua eta korrikazalea (korrikalaria gehitxo esatea da). Denbora askoan aritu naiz korrika nire burua errudun sentituz, “Garbiñe, honek ondorioak ekarriko dizkin epe luzera”. Baliteke, alegia bai.

korrikaKorrika egiteak eragiten dituen etengabeko kolpeek zoru pelbikoko muskuluak ahultzen ditu denborarekin. Ahultasun horren ondorioetako bat da gernu jarioak izatea. Azken azterketen arabera, inpaktuko kiroletan (aerobik, korrika, halterofilia…) aritzen diren 25 eta 40 urte bitarteko zazpi emakumeetatik batek gernu jarioak ditu kirola praktikatzerakoan, algara bizian barre egitean, doministiku egitean edo, orokorrean esfortzu bat suposatzen duen ekintzak burutzerakoan. Datua esanguratsua da, eta kezkagarria.

Bizitzako hainbat alorretan egiten dugun bezala, askok “utzi aerobik-a, eta kitto!” esango dizute.

Baina, zure pasioa bada? Edo zure ogibidea? Edo besterik gabe gustora sentiarazten bazaitu? Utzi eta kitto?

Zoru pelbikoak bere funtzioak ongi bete ditzan (eta horietako bat da uretra eta uzki kontinentzia ziurtatzea) barrunbe toraziko guztiak oreka bat izan behar du. Diafragma torazikoko tentsio egoki bat, pelbiseko artikulazio askeak, abdomeneko zeharkako muskulu landu bat eta entrenamenduaren bidez indartzen den zoru pelbiko bat esaterako. Dieta egoki batekin idorreria ekidin edo muskulu piramidala edo psoas-iliakoa luzaketetan kontutan hartzea eta Gimnasia Abdominal Hipopresiboa edo Pilates bezelako teknikak gehitzen badizkiogu bere entrenamenduei, nabarmen hobetu daiteke emakume horren inkontinentzia eta bere gustuko kirola praktikatzen jarri dezake.

Badira kasuak non, hainbeste urte diren inolako neurririk hartu gabe kirol bera praktikatzen, haurrak izan baditu eta menopausia edo aurre-menopausian badago, tratamenduarekin nahikoa izan ez eta kirol jarduera bertan behera utzi behar izatea. Kasu horretan, kaltegarria baita emakume horrentzat.

Baina orokorrean, TXARRA hitza oso kasu bakanetarako gorde eta mezu baikorragoak elaraztearen aldeko apustua egingo nuke. Nahikoa zama du emakumeak gaur egun; lirain mantendu eta dieta zaintzeaz gain, langile, ama, lagun, bikote, maitale… ona izaten, gainera egunean gustokoen duen bere ordubeteko kirol praktika ere kaltegarria zaiola esateko.

emakumea

Norbanakoaren egoera eta beharretara egokituz, har dezagun erabateko debekurik gabeko bidea.

Nik lortu dut zerbait txarra egiten ari naizenaren sentipena albo batera utzi eta korrikarekin zentzu guztietan gozatzea. Pekatuak pekatu, bizitza gozatzeko da!

Garbiñe Zapirain

Fisioterapeuta

Anuncios