Etiquetas

, ,

Honezkero gehiengook dakizuen bezala, egun gutxi barru Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) antolatzen duen kongresua izango da Bilbon. Bertan, herrialde desberdinetako profesionalak edukiko ditugu bizkarrezurreko patologiaren abordai desberdinetaz hitz egiteko. Baina era berean, kongresuak badu, niri oso erakargarria egiten zaidan atal bat. Gure lanbideko buruhausteetaz hitzegiteko aukera ezin hobea izan daitekeena.

Beraiek ogibidearen tailer bezala izendatu dute eta esan bezala, bertan gure lanbideak dituen arazo garrantzitsuenei buruz eztabaidatzeko parada edukiko dugu. Guztion iritziak baitira garrantzitsuak eta gairen batean adostasun orokor bat lortuko bagenu, aurrerapausu haunditzat hartuko nuke nik.

Hori dela eta, blog hau irakurtzen duzuen guztioi zuen ardurako gaiak azaltzeko gonbitea egiten dizuegu.

Zer gai jorratu beharko genituzke zure ustez? Zeintzuk dira ogibidearentzat garrantzi gehien eduki dezaketen gaiak?

Hona hemen nere ardurako gai batzuk:

  1. Zer da fisioterapia eta zer ez? Zerk markatzen du gure nortasuna? Mugarik ba al da? Eta hala balitz, non jarri?
  2. Zer egin dezakegu benetako kolektibo bezela funtzionatzeko?
  3. Elkargoa denok osatzen badugu, zergatik ez daukagu elkargokide eta instituzioaren arteko gertutasun harreman bat? Nola hobetu?
  4. Azkenaldian, paradigma aldaketa garrantzitsu bat izan dugu ogibidean. Fisioterapia zientzia besarkatzen hasi baita (edo hala uste dut, nik). Baina benetan Fisioterapia zientzia bezala onartu nahi dugu? Horrek dakarren guztiarekin? Adibide sinple bat: Galiziako elkargoak egin duen bezala, eskaintzen dituen prestakuntza guztiak ebidentzian oinarrituta izango baitira hemendik aurrera.

Hementxe utziko dut oraingoz, zuek animatzen zareten bitartean. 😉

Anuncios