Etiquetas

, ,

Honezkero jakingo duzuen bezala, orain dela egun batzuk Bill Vicenzino eduki genuen Euskal Herrian elkargoak antolatu zuen kongresuan. Berau da, eskuzko fisioterapiaren mekanismoei buruz hitz egin zigun aditua. Hori dela eta, gaiean pixka bat sartzeko proposatzen dizuet hurrengo ikerketa.

Erresonantzia magnetiko funtzionala (ingeleraz fMRI), batez ere ikerketarako erabiltzen den tresna berria da. Batez ere, mina eta bere mekanismoei buruz ikertzeko erabiltzen da. Gaur aurkezten dizuedan ikerketa honek, fMRI erabiltzen du erantzun hemodinamiko zerebralak eta gune supraespinaletan mina nola aldatzen den aztertzeko, ornoen manipulazio bat (thrust) egin eta gero.

10 boluntario osasuntsuk hartu zuten parte ikerketan. Pazienteak erresonantzia aparatuan sartzen ziren eta beraien hatz erakuslean estimulu mingarri bat jasotzen zuten. Estimulua, 1 Hz frekuentziarekin bidaltzen zen 15 segunduetan eta beste 15 segunduetan estimulurik ez zuten jasotzen. Honela 5 minutu egon arte. Ikerketako pertsonek orduan, ornoetako manipulazioa jasotzen zuten eta berriro sartzen zituzten erresonantzia aparatuan estimulu mingarria berriro bidaltzeko.

Emaitzek minaren pertzepzio txikiagotze nabaria adierazten dute. Horretaz gain, burmuinaren odol isurian eta honen oxigenazio mailan txikiagotze nabariak aurkitu ziren. Era berean, adierazlea den erlazio bat aurkitu zuten kortex insularraren aktibazioaren murrizketan eta pazienteek subjetiboki adierazten zuen minean.

Ikerketa honek atariko ebidentzia eskeintzen digu eta honakoa ematen du aditzera: mekanismo supraespinalak erlazionatuta egon daitezkeela ornoen manipulazio (thrust) eta ondorengo hipoalgesiarekin.

Sparks et al., J Orthop Sports Phys Ther 43 (2013) 340-348.

Ikerketa gehiagoren beharrean aurkitzen gara froga garrantzitsuagoak aurkitzeko baina atariko ebidentzia gisa oso interesgarria iruditzen zait. Batez ere, beti erabili ohi dugun paradigma mekanizista zalantzan jartzen duen froga bat gehiago baita. Honela, honako galdera hau datorkit burura:

Zer esaten diezu zure pazienteei, beraien mina zergatik hobetu den galdetzen dizutenean?

Anuncios