Etiquetas

, , ,

Kartilagoa gorputzeko leku ezberdinetan aurkitzen dugun egitura sendo eta elastikoa da. Giltzaduretan kokatuta dago, hazurren arteko irristapena ahalbidetu eta errazteko eta aldi berean hezurrak babesteko. Artrosia (edo osteoartritisa) kartilago hori zahartze-prozesu normalaren ondorioz urteetan higatzen denean azaltzen den gaitza da, 40 urtetatik aurrera pixkanaka giltzaduretan agertzen dena, batez ere belaunak, aldakak, eskuak eta bizkarrezurrean eragina duelarik. Bi motatakoa izan daiteke: idiopatikoa (mugatua edo orokorra) edo bigarren mailakoa (traumatikoa, jaiotzetikoa, metabolikoa,…).
Gaitz honen jatorria ez dago argi, baina baditu zeinu konkretuak: kartilagoaren eta azpiko hazurraren endekapena edota hondamena eta hazurraren neurriz gaineko hazkuntza. Erradiografian giltzadura arteko lekuaren gutxitzea, osteofitoak eta kartilagopeko esklerosia antzeman daitezke eta pazienteegan mina, hantura eta zurruntasuna azalduko dira. Hala ere, diagnostikoa lortzeko irizpideak erabakitzeko garaian ez dago adostasunik eta honek munduko prebalentziari buruzko datuak jasotzeko orduan muga bat suposatzen du; ikerketa batzuetan irizpideak sintometan oinarritzen dira, beste batzuetan erradiografien emaitzak izaten dituzte kontutan eta gainontzekoetan aurreko talde bien arteko konbinazio bat proposatzen da1.
Espainiako Erreumatologia Elkargoak sintomen eta froga diagnostikoen emaitzen arteko konbinazioa proposatzen du diagnostikorako irizpide bezala. Hain zuzen ere, hauek dira elkargo honek Altman-en ikerketan2 oinarriturik proposatzen dituen irizpide zehatzak:

1. Klinika eta Laborategia: %92ko sentsibilitatea. %75ko espezifikotasuna.
Belaunean mina eta gutxienez hurrengo ezaugarrietako 5:
• > 50 urteko adina.
• < 30 minutuko zurruntasuna.
• Krepitazioa.
• Hazurretako hipersentiberatasuna.
• Hazurren handiagotzea.
• Bertako tenperaturaren areagotze eza.
• < 40 mm/o-ko VSG.
• < 1:49ko erreumatoide-faktorea.
• Likido sinobialean osteoartritisaren zeinuak aurkitzea (argia, likatsua, < 2000 zelula zuri)

2. Klinika eta Erradiologia: %91ko sentsibilitatea. %86ko espezifikotasuna. Belaunean mina eta gutxienez hurrengo ezaugarrietako 3:                              • > 50 urteko adina.                                                                                • < 30 minutuko zurruntasuna.                                                                  • Krepitazioa eta osteofitoak.

3. Klinika: %95ko sentsibilitatea. %69ko espezifikotasuna.                           Belaunean mina eta gutxienez hurrengo ezaugarrietako 3:                              • > 50 urteko adina.                                                                              • < 30 minutuko zurruntasuna.                                                                • Krepitazioa.                                                                                        • Hazurretako hipersentiberatasuna.                                                          • Hazurren handiagotzea.                                                                        • Bertako tenperaturaren areagotze eza.

Elkargo honen arabera, estatuan 6.825.398 pertsona daude belauneko, eskuetako edo bizkarrezurreko artrosiarekin (populazioaren %16,59) eta haietatik 4.258.725ek (populazioaren %10,35) belauneko artrosia dute eta 2.549.245ek (populazioaren %6,19) eskuetakoa. Datu hauek kontutan hartuta eta beste gaitz erreumatikokoekin alderatu ondoren baieztatu dezakegu artrosia prebalentzia handiena duen gaitz erreumatologikoa dela.
Nahiz eta prebalentziari buruzko datuak altuak izan, ikerketa ugarik erakutsi digute mina eta lesioaren arteko lotura ez dela horren estua. Adibidez, Campbell eta Colvin ikerlariek 2013an lunbarretako minari buruz egindako ikerketan3 zera antzeman zuten: sintomarik gabe bizi ziren pertsonei bizkarrezurreko erresonantziak egin zizkieten eta 20-29 urte bitarteko pertsonengan %57ak ornoen arteko giltzaduretan higadura zuela ikusi zuten. 60 urteko pertsonengan ornoetako giltzaduretan higadura zuten pertsonen batazbestekoa %100ekoa zen. Guermazi-k 2012an egindako beste ikerketa4 batek erakutsi zuenez belauneko artrosiaren zeinuak dituzten pertsonen artean mina eta minik gabekoen kopuruak nahiko parekoak dira. Hemen ikusi ditzakegu ikerketa horren emaitzak grafiko baten isladatuta, Adam Meakins (@AdamMeakins) fisioterapeuta ingelesari esker:

1398071954843

Minaren agerpenean parte hartzen duten baldintza eta prozesuak konplexuak dira eta gure nerbio-sistema zentralaren aktibazioa ezinbestekoa da. Gure burmuina etengabe dabil jasotzen ari den informazio guztia aztertzen eta erabakiak hartzen. Informazio hori aztertu ondoren egoera arriskutsua dela antzematen badu, minaren seinalea martxan jarriko du, egoera hori aldatzeko beharrezkoak diren ekintzak burutu ditzagun. Seinale nozizeptivo hori jaso ondoren, gertatu daiteke pazientea sentsibilizazio zentral izeneko prozesu baten murgiltzea. Bertan, burmuinak ez du seinale nozizeptibo hori jasotzen (gaitza edo lesioa desagertu delako) eta hala ere pazienteak mina nabaritzen jarraitzen du. Gainera, mindutako gorputz atala mugitzeko beldurrak (kinesiofobia) gaixoaren mugimenduak mugatuko ditu, honekin lotutako ondorio desatseginak eraginez eta mina-beldurra-atrofia-mina gurpil zoroa agertaraziz. Honi buruzko informazio gehiago aurkitu dezakegu Max Zusman-ek Fisioterapia Sin Red erakundearen II Jardunaldiarentzat eginiko bideoan eta Arturo Goicoechea neurologoaren blogean. Hemen ikusi dezakegu Javier Aguilerak (@FisioStacruz) bere blogeko sarrera baten sentsibilizazio zentrala antzemateko proposaturiko algoritmoa:

descarga

Azken ikerketen5,6,7,8,9,10 arabera osteoartritisa duten pazieenteen minari buruzko azalpena ez dago argi, baina badirudi minaren agerpenean noziozepzioak bere garrantzia duen bezala, sentsibilizazio zentralaren papera ere kontutan hartu beharrekoa dela. Ildo beretik, ikerlariek artrosia duten pazienteen mina depresioarekin lotura estua duela ikusi dute11: osteoartritisak jotako pazienteek min handiagoa somatzen dute gaitz honek depresioaren sintomekin bat egiten duenean. Datu hauek, artrosia duten pazienteen tratamendua aukeratzeko orduan kontutan hartu beharrezkoak dira, aurrerago ikusiko dugun bezala.
Kartilagoaren higadura eta pazienteak nabaritzen duen mina handia direnean ebakuntza izaten da tratamendurako egiten den aukera. Hala ere, badaude ebakuntzan eta terapia fisikoan oinarritutako tratamenduen emaitzak alderatzen dituzten ikerketak12: Bi taldetan banandu zituzten gaixoak eta talde baten tratamendua terapia fisikoan soilik oinarritu zan eta bestean ebakuntzan eta terapia fisikoan. Emaitzek zera adierazten dute: 6 hilabeteren ostean eta hobekuntza funtzionalari dagokionez, ez dago ezberdintasunik tratamendu bi hauek jaso dituztenen artean. Ebakuntza egin ondoren jarraitzen den fisioterapia programa intentsitate handikoa izanez gero, emaitzak ere hobeagoak izango dira.
Botiketan oinarritzen den tratamenduari bagagozkio, American College of Rheumatology-ak 2012an argitaratutako gomendioetan13 lehenengo aukera bezala parazetamol botika gomendatzen du. Erantzun onik izan ezean, aho bidezko edo modu topikoan hartutako antiinflamatorio ez esteroideoen (AEE) edo giltzadura-barneko kortikoesteroideen injekzioen preskripziora igarotzea gomendatzen da. Beste alde batetik, elkarte honek kondroitin sulfatoa, glukosamina eta kapsaicina topikoko botikak ez hartzea gomendatzen du, argitaratutako ikerketek14 plazeboa baino eragin hadiagorik ez dutela erakutsi dutelako.
Tratamendu ez farmakologikoari dagokionez, American College of Rheumatology-ak era sendo baten lurrean egindako ariketa aerobikoa edota erresistentzia oinarriturikoa gomendatzen du, beti ere persona bakoitzaren gaitasunak kontutan hartuta. Era berean, uretan egindako ariketa oso gomendagarria dela esaten digu eta pisu handia duten pertsoenengan pisua galtzearen garrantzia azpimarratzen du. Baldintzen arabera, tai-chiaren praktikatzea, ibiltzeko laguntza-tresnak erabiltzea eta esku hartze psicosozialean formakuntza jasotzea gomendatzen ditu.
Lehen aipatu dugun bezala, sentsibilizazio zentralaren papera kontutan hartu beharko dugu, eta honen harira ikerketa ugari5,6,7,8,15,16 argitaratzen ari dira azken aldian. Hauen arabera, terapia kognitibo-konduktualak, pazienteak neurozientzietan hezitzeak eta ariketa-bidezko terapiek eragin positiboa dute pazienteen mina lasaitzerako orduan. Belaunaren gaitza, estres psikosoziala eta minaren neurofisiologia dira 3 ardatz nagusiak etorkizunean artrosiaren ulermen sakonagoa lortu eta tratamendu eraginkorrak ezartzeko orduan.
Azken aldian, berezitasun konkretuak dituen minaren tratamenduan17(min kronikoa, mamu-mina) Ramachandra medikuaren ikerketetatik abiatutako teknika berri bat agertu da: ispilu-teknika. Ispilu bat tresna bakartzat hartuta, pazienteak esku bien artean kokatu behar du, minik gabeko gorputz adarrera zuzenduta. Horrela, ispiluan minik gabeko beso, esku edo hankaren irudia ikusten duen bitartean, gorputz adarrak mugitzen saiatuko da. Burmuinak ispiluan ikusten duen gorputz adarra minduta dagoena dela interpretatu eta mugimenduaren bitartez gorputz adar hortan agintzen duten neuronengan eragina izatea lortuko dugu, euren funtzioa orekatuz. Baliteke teknika hau baliogarria izatea artrosiaren tratamenduan, gaitz honek sortutako minaren ezaugarri bereziak jakinda. Bideo ugari daude teknika hau nola erabili azaltzen dutenak eta baita bere funtzionamenduari buruz azalpenak ematen dituen baten bat ere. Teknika honi buruzko sarrera borobil bat idatzi zuen David Carrascosa (@davidphisios) fisioterapeutak bere blogean.

images

Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du

KZJaia2

BIBLIOGRAFIA

  1. Comas M, Sala M, Román R, Hoffmeister L, Castells, X. Impact of the distinct diagnostic criteria used in population-based studies on estimation of the prevalence of knee osteoarthritis. Servei d’Avaluació i Epidemiologia Clínica, Hospital del Mar-IMAS, Barcelona, España. http://scielo.isciii.es/scielo.php?script=sci_arttext&pid=S0213-91112010000100005 helbidean eskuratuta 2014/04/26 datan.
  2. Altman R, Asch E, Bloch D, et al. Development of criteria for the classification and reporting of osteoarthritis. Classification of osteoarthritis of the knee. Arthritis Rheum 1986; 29: 1039-1049.
  3. Campbell J, Colvin LA. Management of low back pain BMJ. 2013 Dec 5; 347:f3148.
  4. Guermazi A,Niu J ,Hayashi D ,Roemer FW ,Englund M ,Neogi T ,et al. Prevalence of abnormalities in knees detected by MRI in adults without knee osteoarthritis: population based observational study (Framingham Osteoarthritis Study). BMJ 2012;345:e5339
  5. Lluch E, Torres R, Nijs J, Van Oosterwijck J. Evidence for central sensitization in patients with osteoarthritis pain: A systematic literature review. Eur J Pain. 2014 Apr 3. doi: 10.1002/j.1532-2149.2014.499.x.
  6. Thakur M, Dickenson A, Baron A. Osteoarthritis pain: nociceptive or neuropathic? Nature Reviews Rheumatology (2014) doi:10.1038/nrrheum.2014.47.
  7. Murphy SL, Phillips K, Williams DA, Clauw DJ. The role of the central nervous system in osteoarthritis pain and implications for rehabilitation. Curr Rheumatol Rep. 2012 Dec;14(6):576-82. doi: 10.1007/s11926-012-0285-z.
  8. Lluch Girbés E, Nijs J, Torres-Cueco R, López Cubas C. Pain treatment for patients with osteoarthritis and central sensitization. Phys Ther. 2013 Jun;93(6):842-51. doi: 10.2522/ptj.20120253. Epub 2013 Feb 7.
  9. Haviv B, Bronak S, Thein R. The complexity of pain around the knee in patients with osteoarthritis. Isr Med Assoc J. 2013 Apr;15(4):178-81.
  10. Hunter DJ, Guermazi A, Roemer F, Zhang Y, Neogi T. Structural correlates of pain in joints with osteoarthritis. Osteoarthritis Cartilage. 2013 Sep;21(9):1170-8. doi: 10.1016/j.joca.2013.05.017.
  11. Pyae P, Phyomaung et al. Are depression, anxiety and poor mental health risk factors for knee pain? A systematic review. BMC Musculoskelet Disord. 2014; 15: 10.
  12. Katz JN, Brophy RH et al. Surgery versus physical therapy for a meniscal tear and osteoarthritis. N Engl J Med. 2013 May 2;368(18):1675-84. doi: 10.1056/NEJMoa1301408. Epub 2013 Mar 18.
  13. Hochberg, M. C., Altman, R. D., April, K. T., Benkhalti, M., Guyatt, G., McGowan, J., Towheed, T., Welch, V., Wells, G. and Tugwell, P. (2012), American College of Rheumatology 2012 recommendations for the use of nonpharmacologic and pharmacologic therapies in osteoarthritis of the hand, hip, and knee. Arthritis Care Res, 64: 465–474. doi: 10.1002/acr.21596.
  14. Fransen M, Agaliotis M, Nairn L, Votrubec M, Bridgett L, Su S, Jan S, March L, Edmonds J, Norton R, Woodward M, Day R. Glucosamine and chondroitin for knee osteoarthritis: a double-blind randomised placebo-controlled clinical trial evaluating single and combination regimens. Ann Rheum Dis. 2014 Jan 6. doi: 10.1136/annrheumdis-2013-203954.
  15. Louw A, Diener I, Butler DS, Puentedura EJ. The effect of neuroscience education on pain, disability, anxiety, and stress in chronic musculoskeletal pain. Arch Phys Med Rehabil. 2011 Dec;92(12):2041-56. doi: 10.1016/j.apmr.2011.07.198.
  16. Kittelson AJ, George SZ, Maluf KS, Stevens-Lapsley JE. Future directions in painful knee osteoarthritis: harnessing complexity in a heterogeneous population. Phys Ther. 2014 Mar;94(3):422-32. doi: 10.2522/ptj.20130256.
  17. Bowering KJ, O’Connell NE, Tabor A, Catley MJ, Leake HB, Moseley GL, Stanton TR. The effects of graded motor imagery and its components on chronic pain: a systematic review and meta-analysis. J Pain. 2013 Jan;14(1):3-13. doi: 10.1016/j.jpain.2012.09.007.

 

Anuncios