Etiquetas

, , ,

Fisioterapeuta bazara, azkenaldian asko entzungo zenuen Minaren paradigma berriei buruz. Minaren neuropedagogia, honen neurobiologia, mekanismo patobiologikoak… eta abar luze bat. Neurozientziari esker, azkeneko hamarkadan gai honen ezagutza asko hazi da. Baina lankide askok ez dute guztiz beharrezkotzat ikusten minaren neurobiologian prestatzea. Beraiek fisioterapeutak dira, ez biologoak. Neurobiologia beste gauza bat da, txo!

Fisioterapeuta askok aurrean paziente bat daukagunean, egituretan pentsatzen dugu. Soilik. Dr. House eta bere taldea izango bagina bezela; giharretan, giltzaduretan, ornoetan, nerbioetan, tendoietan, faszietan, erraietan eta abar luze batetan pentsatzen dugu. Hau da, pazienteak duen mina, egitura baten lesioaren ondorioa da. Ezinbestean. Goazen min horren kausa bilatzera.House

Eta hemen hasi ohi da festa. Fisioterapeuta bakoitzaren prestakuntzaren arabera, batek fasziak ikusiko ditu, besteak ornoen arazoa, besteak giharretako puntu gako bat eta zeinek daki, agian batek gibeleko arazo bat.

Baina guzti hauei, gauza bat ahazten ari zaie. Pazientea zuregana etortzen den ia guztitan, mina duelako da. Berari askotan berdin zaio zerk sortzen duen. Mina du eta kentzea nahi du, “gero argituko dizkidazu zure hipotesi eta metodoak”.

Funtsezkoa da beraz, duen minari buruzko informazioa eskuratzea. Eta hemen sartzen da, neurobiologia eta minaren mekanismo patobiologikoen garrantzia. Duten min moetaren arabera, tratamendu bat gomendagarriagoa baita beste baten aurretik. Adibidez, pazienteak duen mina nagusiki sentsibilizazio zentralaren ondorioa bada, gaur egungo ikerketek minaren neuropedagogia gomendatzen dute tratamendutzat eta ez eskuzko terapia. Are gehiago, autore batzuen arabera kaltegarria izan daiteke eskua sartzea. Honela, gaur egun 3 min moeta garrantzitsu desberdintzen direla esan genezake:

Min nozizeptiboa: Orain arte tratatu dugun hori. Pazienteak duen mina, egitura baten lesioaren ondorioa da eta beraz, tratamendua egiturara zuzentzen dugu. Kontsultan ikusten dugun ohikoena da, baina ez bakarra.

Min neurogeniko periferikoa: Sistema nerbioso periferikoan arazorik balego sortu daitekeen mina. Kasu honetan, neurodinamika da proposaturiko tratamendua.

Min zentrala (sentsibilizazio zentrala): Mina esperientzia konplexuago batetan bihurtzen denean. Kasu honetan, ohikoa da egituretan arazorik ez egotea. Mina sortzen duena, burmuina baita.

Agian, egituretaz ahaztu eta aurren daukagun horren min esperientziari kasu gehiago egin beharko genioke. Agian, egituretan pentsatu baino lehen, zer min moeta duen pentsatu beharko genuke.

Agian, burmuina eta minaren prozesamenduari garrantzi gutxiegi eman diogu… ez?

 

 

 

Anuncios