Gai hau jorratzerakoan, beti eztabaida interesgarriak sortzen dira eta fisteusen ere, iritzi desberdinak entzutea gustatzen zaigu. Denen iritziak baitira ogibide gisa eboluzionatzen laguntzen digutenak. Neurea uzteko gogoa nuen aspaldidanik…

Gaurko honetan sarritan pazienteek egiten diguten galdera bat erabiliko dut sarrera bezala:

Zer desberdintasun dago fisioterapia, kiropraktika eta osteopatiaren artean?

Galdera honi erantzuteko askotan argibide korapilatsuak ematen ditugu. Legea oinarritzat hartuta, azkeneko bietan jarduteko fisioterapia ikasketak edukitzea ezinbestekoa dela aipatzen diegu. Legea azpimarratzen dugu, benetako desberdintasuna, ilegaltasunak markatuko balu bezala. Eta egon badago, ezinbesteko baldintza baita gaur egun osteopata edo kiropraktiko bezala jaduteko. Guk, fisioterapeutok, erabiltzen ditugun teknika asko erabiltzen dituzte, eta horien artean ornoen manipulazioa da ezagunena. Eta egia da eskuzko terapia egiten dutela eta ondorioz, legez, gure ogibidearen barruan egon beharko liratekeela… Baina hau al da desberdintasun nagusiena? Eskuzko terapia egiten dutenez, fisioterapia dira?

Nire uste apalean, ogibide bat ez dute bere teknika edo jarduerek mugatzen. Hau da, guk denok, eskuzko terapia egiteak ez du esan nahi ogibide berataz ari garenik. Desberdintasun nagusiena, oinarritzen garen paradigman dago.

Adibidez, kiropraktikak ornoen subluxazioa du marko teoriko gisa. Beraien ustetan, gorputzeko gaixotasunen %95a, ornoen subluxazioaren bidez azaldu genitzake. Diotenez, ornoa doitzean sistema nerbioso zentralak jatorrizko adimen bat du guzti hori sendatzeko. Gaur egun ordea, frogek ez dituzte ideia hauek babesten. Kontrakoa baizik, kiropraktiko batek baina gehiagok paradigma aldaketa bat aldarrikatzen dute beraien ogibidean, ez baitakite kritikei nola heldu. Ikus dezakezu Mirtz et al. (kiropraktikoak) en ikerketa gaiean sakontzeko.

Agian errezago ulertu dezakegu ideia hau homeopatia eta medikuntzarekin. Bai homeopatiak eta medikuntzak, biek, pilulak ematen dituzte beraien gaixoak tratatzeko. Hau da, teknika eta jarduera berdinak erabiltzen dituzte. Baina batek, paradigma bat du oinarritzat eta besteek beste bat. Batzuk pilula uretan disolbatzean memoria duela diote (???) eta besteek batxilergoan ematen den kimika dute oinarritzat. Jarduera berdinak baina marko teoriko desberdinak dituzte eta “inork” ez ditu nahasten. Gure ogibideari, fisioterapiari, berdina gertatu beharko litzaioke.

Beraz, primeran deritzot bakoitzak bere paradigma edukitzea. Errespetatzen dut zuen ikuspuntua, baina ez nator zuekin bat. Ez dut uste fisioterapiak horrelako ezer behar duenik. Osteopatia eta kiropraktika niretzat, ez dira fisioterapia.

Baina erakundeek ez dute horrela ikusten eta alde batetik, uler dezaket. Gure ogibidea jaio berri bat zelako erabaki hau hartu zenean eta nahikoa arazoa zituelako. Osteopatia eta kiropraktika ez gureganatzeak intrusismoari ateak zabal zabalik uzten zizkion. Ulergarria, baina profesionalki kalte egin zigun erabakia izan zen hura.

Burura datorkidan galdera honakoa da: Nahikoa nagusitu al da Fisioterapia, gaur egun ogibide desberdinetaz ari garela ikusteko?

Gure lurretatik kanpo desberdintzat dituzte eta ez da arazorik izaten…

Anuncios