Etiquetas

, ,

“Atsegin emango dizut” esan nahi du latinez plazebo hitzak. Medikuntzak erremedio faltsuak izendatzeko erabiltzen hasi bazen ere, gaur egun substantzia eraginkorrik izan ez, eta, hala ere, pazientearengan hobekuntza bat eragiten duen tratamenduari esaten diogu plazeboa.

Fisioterapian tratamentuaren akzio mekanismoa ez den beste mekanismo batetik lortutako onura izango litzateke plazebo efektua. Fisioterapeutok emaitza positiboak lortzen baditugu, guk egindako tratamenduaren ondoriotzat jotzen dugu. Baina plazebo efektua tratamenduaren akzio mekanismotik banaezina da, ezin neurtu dezakegu zein proportzioetan eragin duten batak zein besteak. Gainera hirugarren osagai batek ere hartzen du parte, patologiaren eboluzio naturalarenak alegia, kasu askotan eboluzio naturala sendatzea bait da.

Nire ustetan paziente bakoitzaren eboluzio positibo baten aurrean barne gogoeta bat egin beharko genuke, eboluzio horren zergatien nondik norakoak aztertze aldera.

Plazeboa onuragarria da, komenigarria zaigun tratamenduaren osagai bat. Ondo legoke plazeboa gure alde kudeatzen jakitea baina fisioterapeuta ororen helburua ez luke bakarrik pazientearen hobekuntza izan beharko, plazebo hutsez lortutako hobekuntza baino handiago, azkarrago bat lortzea baizik. Beste hitz batzuetan, gure helburua plazeboa pazientearen onurarako erabiliz, plazebotik ahalik eta aldenduen dauden emaitzak lortzea izan beharko litzatekeela deritzot. Hori da ikerketen helburua ere, tratamendua plazeboa baino hobea den ala ez frogatzea.

Teknika ezberdinen aplikazioan oinarrituriko fisioterapia baten ikuspegitik, pazienteari hipotetizatu diogun mekanismo patobiologikoaren ondorio da teknikaren aukeraketa. Punción seca, masaia, luzaketak,… aukeratuko baditut, giharre horren uzkurdurak pazientearen klinikan zeresana duela ondorioztatu dudalako izango da eta ez teknika horiek duten efektu plazeboarengatik bakarrik. Giltzadura zurrun batean mugimendua erabiltzea erabaki badut, giltzadura horri mugimendua eman nahi diodalako izango da eta ez horrek emango didan plazebo efektuarengatik bakarrik.

Arrazonamendu kliniko baten ikuspegitik, pazientearen gorputz mapa egin, bere minen arteko erlazioa aurkitu, 24 orduko jarrera, historia, galdera bereziak, ikuskaritza, haztapena, testak, mugimendua, hipotesiak, berrebaluaketak etbar luze bat aztertu ondoren erabakitzen dugu zein tratamendu egin. Zaila egiten zait plazeboaren kudaketa batean oinarritutako fisioterapia eta arrazonamendu kliniko batean oinarrituriko fisioterapia baten arteko erlazioa aurkitzea. Azken finean zer da arrazonamendu klinikoa, informazioaren eta datuen gestio bat ez bada? Fisioterapia eta arrazonamendu klinikoa estuki erlazionaturik daude, beraz zein paper betetzen du plazeboaren kudeaketak guzti honetan?

Egia da gaur egun minaren neurofisiologiaren olatuaren gailurrean gaudela, “imput-procesamiento-output” delako marko teorikoan, osagai zentralaren garrantzia goraipatzen duen korrontean. Ikuspuntu horretatik plazebo efektua prozesamendu zentralaren ondorio bat da, guretzat eta pazientearentzat desiragarri den ondorio bat sortzen duen garunaren erabakia. Azken finean, marko teoriko honetan arrazonamendu klinikoaren ondorioz erabilitako tratamendu oro sar genezake. Honek ordea, fisioterapia plazeboaren kudeaketa bat dela esan nahi al du?

Ongi legoke plazeboak fisioterapiaren oinarrietan duen lekuaz eztabaidatzea. Zer uste duzue zuek, fisioterapia plazeboaren kudeaketa bat dela ala informazioaren kudeaketa bat?

Anuncios