Etiquetas

, ,

Badira urte batzuk RUSI (Rehabilitative UltraSound Imaging) kontzeptua fisioterapian sartu zela. Baina orain dela gutxi arte nekien hura, irakurri edo entzundakoan soilik oinarritzen zen. Orain dela egun batzuk ordea, elektrolisi perkutaneo ekogidatua ikusi eta nabaritzeko aukera izan nuen #3cAFTZ kongresuan eta nire hausnarketak zuekin banatu nahi nituzke.

Ikusgarria. Hori da nere ustez metodo hau deskribatzeko hitzik egokiena. Eskuen bidez nabaritzen dugun hori (edo agian, ez? ) ikusteko aukera ematen baitigu. Egia esan, teknologia honek esperientzia gutxi duen bat baina gehiago lilura dezake. Oso ikusgarria baita, oso errez saldu daiteken teknika bat. Etorkizuneko fisioterapia iritsi dela esaten dute. Guk erabili genuen ekografoak adibidez, doppler eta elastografia funtzioak ere bazituen. Honela, tendoietan neobaskularizaziorik dagoen edo zuntzen elastikortasunean aldaketak egon diren ikus daiteke. Horretaz gain, azaletik iritsi nahi dugun zuntzera dagoen distantzia zehatz mehatz neurtzeko aukera ematen digu. Azken honek, puntzioa egiteko garaian segurtasun abantaila nabarmenak dakartza. Bizkar inguruko giharreak tratatzerakoan pneumotorax bat ekiditeko adibidez… Gainera azkenaldian iraultza antzeko bat eman da kirol-fisioterapia arloan. Badirudi gaur egun, tendinopatia bati aurre egiteko edo kontrol motore ariketak egiteko “beharrezkoa” dela ekografo bat edukitzea.

Etorkizuneko fisioterapia iritsi da.

Nik ordea, ez dut hain argi eta polit ikusten. Oso tresna interesgarria iruditzen zait baina bere “arriskuak” ditu eta mugak zeintzuk diren zehaztu behar da. Ez nabil sarkoikeriaz hitz egiten, horrek beste sarrera batetarako eman baitezake. Argi dago diagnostiko bat egiteko erabiltzen badugu ez dela gurea. Nahiz eta hitz ponpoxoekin apaindu, ez da gurea. Gainera honi buruz ere eztabaidatu da. Ni beste muga batzuetaz ari naiz eta zer esan nahi dudan ulertzeko, egon ginen tailerean gertatutako pasarte bat kontatu nahi dizuet.

Ohikoa den bezala praktikak egin ahal izateko boluntario bat behar genuen baina inork ez zuen inongo sintomarik. Beraz, 20 urteko gizonezko bat atera zen. Kirolaria zen eta noizbait (orain dela 3 urte) tendinopatia bat eduki zuen eskubiko errotulako tendoiean. Berriro esango dut badaezpada, berak ere, ez zuen sintomarik.

Baina ekografoaren burukoa jarri ziotenean, honako hau ikusi zen:

errotulaIrudiak bi belaunezurrak sagitalki alderatzen ditu. Argi ikus daiteke alde batek hantura zeinuak dituela eta bestea baina handiagoa dela (bi gurutze horien arteko distantzia). Gainera, lauki gorrian endekapen zeinuak daude. Normalean, tendoiaren zatirik sakonenean izaten dira aldaketa hauek eta ekografoan seinale hipoekoiko (ilunago) bezala agertzen dira. Honetaz gain, ikerketei esker badakigu tendinosi batek neobaskularizazio prozesu bat izaten duela eta beraz, doppleraren bidez ikusiko beharko genuke.

Gure “pazientearekin” ordea, ez zegoen neobaskularizazio prozesurik. Hantura eta endekapen zeinuak besterik ez zeuden.

Zalantza bat baina gehiago agertu zen han geundenon artean hau ikustean.

Zergatik ez zegoen neobaskularizaziorik? Endekapen zeinuak zeuden baina hauek ez ziren minarekin bat etortzen… Zergatik?

Erantzun bila, zera galdetu nuen:

– Bada sintomekin erlazionatzen den zeinu ekografikorik? Hau da, bada ekografo bidez erreferentzia bezala (gold standard) ikus dezakegun zeinurik?

– Bai eta ez. Normalean endekapen zeinuak ikusten ditugu zonalde hipoekoikoetan eta neobaskularizazio prozesu bat egoten da. Hauek ikusten baditugu argi dago zerbait ez dabilela ondo eta beraz tratatu daiteke.

– Eta nola dakizu endekapen zeinu horiek sintomen jatorria direla? “Paziente” honek orain zeinu ekografikoak ditu baina ez du minik. Bihar zuregana minez joango balitz eta zeinu ekografiko berdinak ikusiko bazenitu, tratatu egingo zenuke? Nola jakin dezakezu zeinu hauen relebantzia?

– Nik tratatu egingo nuke. Lesio zeinu argiak ikusten ditugu kasu honetan.

– Baina ez du minik. Irudia ez da sintomekin bat etortzen. Ekografoa bakarrik erabilita, ezin duzu jakin sintomen eta irudiaren garrantzia zein den.

-…

Eztabaidatzen pasa genituen 5 minutu eta ez ginen akordio batetara iritsi. Berak, ekografoaren mirariak saldu nahi zizkigun eta nik arrazonamendurik gabeko ekografo batek gutxirako balio duela esaten nion. Are gehiago balio dutena kontutan hartuta (guk erabili genuen aparatuak 25000 euro balio zituen).

Nahiago nuke 25000 euro horiek xahutu beharrean, arrazonamendu kliniko on bat egiten erakutsiko baligute. Ez baititugu irudiak tratatzen, pertsonak baizik eta askotan irudi batetan agertu daitekeena ez baita sintomekin bat etortzen. Ikerrek behin primeran azaldu zuen bezala belauneko artrosia izeneko sarreran.

P.D. Azkenik esan nahiko nuke eta eztabaidak norantza hau hartu dezakeela uste baitut, ez nagoela ekografoa erabiltzearen kontra. Oso tresna interesgarria iruditzen zait baina arrazonamendu kliniko baten barruko tresna bat besterik ez dela ahaztu gabe. Merketzen direnean fisioterapeuton egunerokoan erabiliko dugula uste dut. Baina ez gaitezen harritu aurrean teknologia ikusgarri bat jartzen digutenean, eman diezaiogun duen garrantzia eta erabil dezagun burua. Ez dezagun ahaztu arrazonamendu klinikoa dela dugun tresnarik onena.

Anuncios