Etiquetas

, ,

Nahiz eta International Association for the Study of Pain (IASP) erakundeak definizio zehatzak emateko garaian ahalegin handiak egin dituen, nahasketa dago oraindik min erradikularra eta erradikulopatia desberdintzeko garaian. Lehen pertsonan bizi izan nuen orain dela hilabete, hainbat traumatologok Donostian antolatu zuten jardunaldi batetan.

Bertan, erradikulopatia eta min erradikularra sinonimotzat zituzten, gauza bera balira bezala.

Ezta gutxiago ere.

Bi hauen desberdintasunak ulertzeko guztiz gomendagarria iruditzen zait Merskey eta Bogduk handiek idatzitako Classification of Chronic Pain liburuxka. Liburua orain dela urte batzuk idatzi zen arren, taxonomikoki desberdintasunak ezarri zituen liburu aitzindaria izan zen. Hau da, patologia edo sintoma bakoitzari zer izen eman ezarri zuen. Mina tratatzen duen osasun profesional orok ezagutu beharko lukeen altxorra da. Batez ere denek hizkuntza berdin bat erabiltzeko sortua izan bait zen.

Gaizki ulertu bat aipatutako terminoekin gertatzen da. Min erradikularra eta erradikulopatia ez dira sinonimoak. Bi entitate kliniko desberdin dira. Erradikulopatia gabeko min erradikularra posible da eta min erradikularrik gabeko erradikulopatia ere.

  • Min erradikularra definizioz, nerbio sustrai edo bizkarrezur atzeko ganglioek sortutako deskarga ektopikoen ondorioz dagoen mina da. Kausarik ezagunena diskoaren hernia da eta nerbio sustraiaren inflamazioz sortu ohi da.
  • Erradikulopatia ordea, garraio axonala blokeatua duen nerbio sustrai edo bizkarrezurreko nerbio baten egoera neurologikoa da. Hau da, EMGa izango litzake diagnostikatzeko dugun urrezko tresna. Baina ez da beharrezkoa izaten normalean, arretaz egindako ebaluaketa batek sentsibilitate arazoak, indar gabeziak edo erreflexu miotendinosoen egoerari buruzko informazio nahikoa ematen baitigu.

Betidanik ziatika bezela deitu dugun hori, min erradikular bat da. Baina agian ez da erradikulopatia bat. Edo agian bai. Paziente horrek dituen zeinu neurologikoen araberakoa izango da azken honen presentzia. Bestalde, estenosia duen paziente batek zeinu neurologikoak izatea ohikoa da, baina askotan inongo minik gabe.

Azkenik, garrantzitsua iruditzen zait pare bat xehetasun gehiago aipatzea. Betidanik pentsatu dugu paziente horrek duen min erradikularra dermatomekin batera dijoan mina dela. Hau, akats bat da. Min erradikularrak ez du patroi dermatomikorik jarraitzen normalean. Dermatomekin bat etorri ohi direnak, sentsibilitate arazoak soilik izaten dira. Eta indar gabeziak, miotomekin bat egin ohi du. Baina mina desberdina da. Min erradikularra ez da hain sinplea. Ez pentsa gero, paziente batek duen min maparen arabera, minaren jatorria edo orno zehatz baten arazoa ezarri daitekeenik.

Dei diezaiogun gauza bakoitzari behar den bezala, gure artean gaizki ulertuak egon ez daitezen.

Anuncios