Etiquetas

, ,

– Honako sarrera hau Oier Gorosabelek idatzitako sarrera da-

Aurreko baten Loitzun Izaola lankideak ederto azaldu zizkigun yellow flag famatuak (faktore psikosozialak). Fisioterapeuten eguneroko lana baldintzatzen duten “Bandera Horien” eremu hau konplikatua da: kasuak pazienteak bezain anitzak dira, eta nekez aurki daiteke faktore psikosozialak ongi kudeatzeko errezetarik. Egiten diren ikerketen eta errebisioen berri izatea, eta esperientziaren eskarmentua biltzea da maremagnum honetan mugitzeko dugun aukera nagusia.

Pazientearen minean eragiten duten faktore afektibo eta kognitibo guztiak identifikatzeak liburu lodi baterako emango luke, eta ez da klinikarako oso praktikoa. Halere, atal batzuk gure eguneroko lanean kontuan hartzeko modukoak dira; ez psikoterapian hasteko, jakina (ez dugu ez ezagupenik, ez konpetentziarik horretan aritzeko), ez bada eze egin beharreko fisioterapia tratamenduaren norabidea erabakitzeko: oso desberdinak baitira arazo mekaniko hutsa duen pertsonaren mina tratatzeko aukeratuko dugun bidea, eta eragin psikosozial handia duen pazienteari proposatuko dioguna.

Hau guzti hau gauza jakina bada ere, teoriatik praktikara pasatzeko pausua falta zitzaidan niri; ezagupen hori eguneroko lanean integratzeko modu bat, alegia. Orain dela gutxi aurkitu dut, gerriko minari buruzko Praktika Kliniko Gida bat irakurtzean (DELITTO, Anthony et al. 2012. Low Back Pain. Clinical Practice Guidelines Linked to the International Classification of Functioning, Disability, and Health from the Orthopaedic Section of the American Physical Therapy Association. J. Orthop. Sports Phys. Ther. 42(4):A1-A57). Idazlan hau gerriko minaren diagnosi, esplorazio eta tratamenduari buruzko bilan orokorra da, ebidentzia zientifikoan oinarritutako gida bat. Baina horren barruan, esplorazioaren azpiatal bat bereziki interesgarria iruditu zait, mental impairment measures izenekoa, bertan agertzen diren neurriak beste patologia askotarako ere balekoak baitira, Bandera Horien eremu likatsuan bete-betean sartuta.

Izan ere, nik ez dakit zuek zelan kudeatzen duzuen informazio mota hau, baina nire esperientzian behintzat deskontrola izan da nagusi. Faktore psikosozialak begibistakoak zirenean, asko jota fitxan orokorkeri bat ipiniko nuen (“lanean arazoak ditu”, “joera hipokondriakoa”, “familiarekin txarto konpontzen da” estilokoak), eta hain agerikoak ez ziren Bandera Horiak, beste barik, oharkabean pasatuko zitzaizkidan. Hain zuzen ere, horregatik iruditzen zait hain interesgarria artikulu honetan bilduta agertzen diren errekurtsoak: modu errutinarioan, itxuraz ondo dauden pazienteen arazo psikosozialei antzemateko erreminta fidagarri eta diskretua direlako (galdera zuzenak baino diskretuagoa bai, behintzat).

Mental impairment measures kontzeptua itzultzerakoan zalantzak izan ditut, ingelesezko mental eta euskarazko “buruko” hitzek ez baitute konnotazio berdinak. Nire ustez “psikiko” moduan itzulita hobeto heltzen zaio esanahiari, eta beraz “Desgaitasun psikikoaren neurketa” aukeratu dut izenburu legez.

Goazen, beraz, Delittok eta bere lagunek gerriko minean neurtzea proposatzen duten lau faktore psikiko hauek zerrendatzera.

1- Depresioa:

Depresioa, gradu batean edo bestean, oso egoera emozional arrunta da. Osasunean izan dezakeen eragina graduaren araberakoa izango da, eta horren barruan sar ditzakegu minarekiko sentikortasun handiagoa eta mugitzeko ezintasuna. Fisioterapia arlorako, Delitto et al-ek Primary Care Evaluation of Mental Disorders galdetegiko bi galdera hauek anamnesi rutinan sartzea proposatzen dute:

  1. Joan den hilean zehar, momenturen baten triste, deprimitua edo esperantzarik gabe egon al zara?
  2. Joan den hilean zehar, kezkatua egon al zara gauzak egiteko interesik ez zenuelako edo gustua galdu duzulako?

2- Minarekiko beldur/ihes jarrerak:

Ikerketa askok seinalatzen dutenez, FABQ galdetegiak (Fear-Avoidance Beliefs Questionnaire) fidagarritasun handia du. Pazienteak bizkarreko minari buruz duen aurreiritziak neurtzen ditu, baita uste hauek aktibitate fisikoan eta lanean duten eragina ere.

test-fabq

Jatorria:

3- Mina eta katastrofismoa:

Katastrofismoa jarrera ezkorra da: pazienteak gerta daitekeen eboluzio txarrena izango duela sinisten du, mina kroniko bihurtzeko aukera handituz. PCS galdetegiaren (Pain Catastrophizing Scale) bitartez neurtzen da.

test-mina-katastrofismoa-1   test-mina-katastrofismoa-2

Jatorrizkoa (ingelesez):

  • Sullivan, MJL. Bishop, SR. Pivick, J. 1995. The pain catastrophizing scale: Development and Validation. Psychological Assessment 7(4):524-532.

Gaztelerazko bertsio hau:

4- Estres psikosoziala:

Faktore psikosozialei harreta berezia eskeintzen dioten hainbat galdetegi aipatzen dituzte Delittok eta bere lagunek; nik hona ekarri dudana OMPQ izenekoa da (Örebro Musculoskeletal Pain Questionnaire), autoreen esanetan epe luzeko mina eta ezintasuna iragartzeko balio duena.

test-estres-psikosoziala-1     test-estres-psikosoziala-2

test-estres-psikosoziala-3   test-estres-psikosoziala-4

Jatorrizkoak hainbat errata eta akats grafiko dituenez, zuzenketa batzuk egin behar izan dizkiot. Hemen duzue orijinala, halere:

  • CUESTA-VARGAS, Antonio Ignacio. GONZÁLEZ-SÁNCHEZ, Manuel. 2014. Spanish version of the screening Örebro Musculoskeletal Pain Questionnaire: a cross-cultural adaptation and validation. Health and Quality of Life Outcomes 12:157. http://www.ncbi.nlm.nih.gov/pmc/articles/PMC4219048/

5-Gehigarriak:

Artikulu hau “kozinatuta” nuela, argitaratu aurretik zenbait lankideei erakustea pentsatu dut: izan ere, niretako lanerako material interesgarria bada ere, ez nekien beste fisioterapeutek ere horrela iritziko zioten (hemen azaldutakoak ez direlako inondik inora gauza berriak) eta gutxiago Fisteus moduko blog serioan argitaratzeko modukoa ote zen.

Sorpresa atsegina izan dut: artikulua balekoa iruditu zaie, eta gainera informazio gehigarria eman didate. Horretara, gure eguneroko lanean bandera horiak identifikatzeko beste errekurtso bi gehitu ditzaket. Eskerrikasko Casado, Villanueva, Lopez et al! 😉

5.1 Kinesiofobia

Xabat Casado lankideak Tampa Scale for Kinesiophobia (TSK) proposatzen digu.

test-tskJatorria:

 5.2 Aurretiko kontsultak

Iker Villanueva lankideak, berriz, aurretik beste osasun profesionalekin egon ote den galdetzea proposatzen digu. Izan ere, aurretik igarotako kontsulta bakoitza bandera hori bat izan ohi da. Oso gaitza izaten da aurretik jarritako zenbait etiketa desegoki deuseztatzea, batez ere pazienteak osagile hoiengan konfidantza handia duenean.

6- Amaitzeko

Nire ustez test hauek aukerakoak izan behar dira. Delitto et al-en gidan ez dut horri buruzko oharrik ikusi, baina nire iritzian ez da beharrezkoa denak paziente guztiei pasatzea. Horren ordez, guregana etorri den pertsonaren kasuaren jarraipena eramateko egokiena(k) baino ez gen(it)u(z)ke erabili beharko.

Edonola ere, hemen ditugu fisioterapia enfokatzeko zenbait erreminta baliotsu. Dakizuenez, arazoaren zati bio, psiko edo sozialaren proportzioak tratamendua goitik behera alda dezake. Gure esplorazio errutinan sartzen baditugu, test hauek Bandera Hori iheskorrak objektibatzeko balioko digute, eta haien eboluzioa nolabait neurtu ahal izango dugu.

Oier Gorosabel Larrañaga

EAE-ko Fisioterapeuten Elkargoan 66 zkidun kolejiatua

http://www.abante.eus

Anuncios