Etiquetas

,

Oier Gorosabelen eskutik

Orain dela 3 bat urte, arrazoi profesionalengatik, sare sozialetan sartzea erabaki nuen. Ez naiz damutzen, eta gaur arteko balantze profesional orokorra ona da. Halere, jasotako etekinen artean bat nabarmenduko nuke: lankideekin ezagutza partekatzeko aukera paregabea modu eraginkor, berritzaile, sakon eta, zergatik ez, dibertigarrian.

Ikusi dudanez, zenbait fisioterapeuten artean aldizkari zientifikoetako artikuluak (papers, esaten diete) partekatzeko eta komentatzeko ohitura dago. Zientziaren ezaugarria eta izateko arrazoietako bat publikatzea da, zalantzarik gabe, argitarapenak eta diskusioak ematen baitio benetako zentzua ikerketari. Halere, publikazio zientifikoen akatsa –nolabait esateko- apaletan gelditzea izan da edo, hobeto esanda, informazio hori zientziazaleen arteko zirkulutik ateratzeko biderik ez aurkitzea. Jende normalarenganaino ailegatzeko, zientzia dibulgazio aldizkariek asko lagundu dute, nola ez, baina… Arlo guztietako ekoizpen zientifiko itzela ehun pajinatan laburbiltzea gaitza den moduan, are gehiago profanoak erakartzeko moduan egitea. Horregatik dibulgazio aldizkariek, ikerkuntza ezagutaratzeko baino, beste literatura mota paralelo bat osatzeko balio izan duela esango nuke; prentsa larrosa gustatzen ez zaigunok haginlariaren kontsultan zerbait desberdina irakurtzeko aukera izan dezagun-edo. Horretara, ikerketen muina galduta geratzen da datu kuriosoaren, entretenimenduaren edo sexuaren atzean (konturatu zarete, dibulgazio aldizkari gehienak sexuaren amua erabiltzen dutela azalean?).

Eta horrela nengoen ni. Aitor dezadan: nik neuk aldizkari zientifiko asko ditut lantokian (berrogei bat kilo bai, barrena) baina haietatik irakurriak, gutxi. Indizean interes handiko artikuluren bat harrapatu ezkero, hura irakurriko nuen, bestela… hori ere ez igual. Denbora gutxi, gogoa ere tamainan, eta aldizkari zientifikoen itxura… hain da astuna!

Horregatik izan da niretako hain interesgarria sare sozialen asunto hau. Ez baita berdina 3 hiletik behin letraz betetako ladrilloa jaso eta artxibatzea, edo interneteko lankideek botatako txio kilikagarria irakurtzea, paper osoa irakurraraziko dizun amua. Joan den urtean nire bizitza osoan baino fisioterapia artikulu gehiago irakurri ditut, ikasteko plazerra berpiztu zait eta eguneroko lan egiteko modua hobetzeko erak aurkitzen ari naiz. Gehiago esango dut: joan den 10 urte inguruan artikulu akademikorik idatzi gabe egon naiz, pazienteek ulertzeko moduko dibulgazioaren mesedetan; paperak irakurtzeko era kolektibo honekin, berriz, iritziak eremu profesionalean konpartitzeko eta kritika jasotzeko gogoa sartu zait. Hori ere oso baliotsua baita niretako: iritzia eman, lankideen zuzenketak edo datu osagarriak jaso, kritikak ondo hartzen ikasi…

Adibidez: ekainaren 18an Luis Torija madrildar-galiziarrak urbi et orbi zabaldu zuen artikulu hau (hitz egiteko modu bat da, noski: artikulua 2012koa baita, neu izan naiz orain arte haren berri izan ez dudana [edo beharbada bai; baina indize astun gogaikarri bateren baten zerrendatuta oharkabean pasatuko zitzaidan]). 53 pajinatako ladrilloa izanda ere, gaia gure eguneroko beharrarekin bete-betean lotuta zegoen; eta, Torijak komunikatzeko duen gaitasunarengatik edo, bere mezu ziztrin honek kili-kili egin zidan.

Halan, joan den hile bian nire laneko ordu hutsak gida hau aztertzen pasatu ditut (txandaka, noski, nik ez bait dut ordu erdi jarraian estudiatzeko ahalmenik; orain Delitto, orain azpititulu batzu, beste Delitto pixkat, gero elkarrizketa bat transkribatu…). Esandako moduan, artikulua oso luzea da: zati batzu ez dira nire lanerako erabilgarriak (ICF klasifikazioa batez ere; aldiz, arlo forensean edo osasun aseguruetan lan egiten dutenen fisioterapeutek etekina aterako diote) baina beste zati batzu oso interesgarriak begitandu zaizkit. Ez ditut hemen modu ordenatuan zerrendatuko, jakina (horretarako, hobe duzue artikulu osoa irakurtzea eta listo!); halere, niretako berritzaileenak izan diren ideak azpimarratu nahiko nituzke, ohartxo pertsonal modura:

•    Aktibitate fisikoak mesede egiten dio gerriko minari, eta gelditasunak kalte. Hau frogatzen duen ebidentzia zientifiko sendoa dugu, eta gure lanean eta osasunaren promozioan erabili beharreko funtsezko ideia da
•    Lan esparruan, lunbalgia baja arrazoi nagusia da. Beharginaren (eta enpresaren) poltsikoari zuzenean egindako kalteaz gain, makroekonomian ere neurtu daiteke gerriko minaren eragina.
•    Diagnostiko tekniken aurrerakuntzak (Resonantziak, TAC eta beste) ez du lagundu bizkarreko minen jatorria argitzen. Paradoxa hau “positibo faltsuengatik” da, adibidez, minik ez duen jende askok disko hernia duela frogatu da. Are gehiago: mina puntuala ez denean, baizik eta gorputz osoan hedatua, resonantziak egitea kontraproduzentea dela ikusi da (katastrofismoa bultzatzeagatik).
•    Faktore psikosozialak presente daudenean, fisioterapiaren enfokea guztiz aldatzen da: tratamendu aktiboagoa behar da, exposizio gradualarekin, beldurra landuz… Beraz, anamnesiaren errutinan Bandera Horien monitorizazioa sartu beharra dago (honi buruz aparteko artikulua idatzi berri dut).
•    Lunbalgia ez da egitate homogeneoa: mota desberdinak identifikatzen baditugu tratamendua eraginkorragoa izango da. Era berean, koadroa hobetu ahala, tratamendua egoera berrira egokitu beharko dugu.
•    Kontrako ustea zabalduta egon arren (fisioterapeuta zientziazaleen artean bai behintzat), thrusten eragina uste baino altuagoa da pazientearen profila egokia denean: kasu akutuak, mugimendu limitazioarekin eta ipurdi-hankarako irradiazioa.
•    Ebidentzia maila baxua den arren, lotura argia ikus daiteke mokorreko mugikortasun falta eta gerriko minaren artean.

Hauetxek izan dira nik gida interesgarri honetatik atera ditudan hainbat “pilula”. Seguru zuen irakurketa bestelakoa dela. Horrela bada ñabardurak, kritikak eta komentario gehigarriak ongietorriak izango dira!

Hemen duzue artikuluaren erreferentzia eta deskargatzeko lotura:
•    DELITTO, Anthony et al. 2012. Low Back Pain. Clinical Practice Guidelines Linked to the International Classification of Functioning, Disability, and Health from the Orthopaedic Section of the American Physical Therapy Association. J. Orthop. Sports Phys. Ther. 42(4):A1-A57).

Anuncios