Etiquetas

, ,

Udara honetan 10 urte bete ditut fisioterapeuta gisa. Gora beheraz betetako garaia izan da eta gauza asko probatzeko aukera izan dut, asko ikasteko aukera. Zorte asko izan dudala uste dut eta ezin naiz kexatu, baina esperientziak gauza asko irakatsi dizkit. Garai berri baten hasieran nagoen bakoitzean, pasatako pasarteetaz gogoratu ohi naiz eta milaka oroitzapen etortzen zaizkit burura. Horiek buruan nituela, zera galdetu nion nere buruari:

Orain dakidana jakinda, zer gustatuko litzaioke jakitea, fisioterapia ikasketak bukatu berri zituen “pipiolo” horri? Beste era batetara esanda, zer gomendio emango zenioke?

Eta horrela iritsi naiz blog honetara, hau dena elkarbanatzeko asmoz… Beraz, hona hemen nere 3 iradokizun fisioterapeuta berri horientzat!

1- Ez zaitez gorputzaren mekaniko bihurtu. Nere kasuan, ikasketak bukatu nituenean, gaixotasunaren oso kontzeptu mekanizista bat nuen. Mina egitura baten ondorioa zen eta egitura horren tratamentuak sintomak arindu behar zituen. Kotxeak konpontzen dituen mekaniko batek bezala pentsatzen nuen. Ikuspegi ultramekaniko eta egitura zale huts horren barruan, pazientearen mina ulertzen laguntzen zuten hainbat eta hainbat faktore ez nituen kontuan hartzen. Bandera horiak ez ziren existitzen, inork ez zizkidan aipatu ere egin.

Gaur egun oso argi daukat akats handi bat izan zela. Honi buruz asko hitz egin dugu blogean, baina garrantzitsua iruditzen zait. Garrantzitsuegia. Esaldi batetan esanda: Ez ahaztu ez ditugula gaixotasunak tratatzen, pertsonak baizik.

2- Pentsamendu kritikoa landu ezazu. Unibertsitateko ikasketak bukatu nituenean hainbat kontzeptu teoriko ikasi nituen baina inork ez zidan nere kabuz pentsatzen irakatsi. Irakatsi zidatenari amen esaten ikasi nuen, kontzeptu bakoitza axioma bat izango balitz bezala. “Aditu” batek esan zidanez, egi borobila izan behar zuen. Ez zegoen zalantzarako astirik (ezta ausardiarik ere).

Gaur egun nere ikuspuntua guztiz eraldatu da zentzu honetan eta nere ustez, lanbideak duen arazo larrienetakoa bilakatu da. Kritika eraikitzailea, eztabaidak eta iritzi trukaketa oso beharrezkoak dira fisioterapian (hemen fisteusen helburuetako bat). Era berean, autokritika egiteak profesional bezela eboluzionatzen lagundu dit.

Gainera, pentsamendu kritikoak fisioterapian erabiltzen ditugun falazia asko identifikatzeko aukera eman dit. Adibide batzuk:

  • Autoritatearen falazia: Aditu, jakintsu, orojakile edo eminentzia batek esaten duena faltsua izan daiteke. Ez sinistu berak diolako, saia zaitez zure iritzia sortzen.
  • Korrelazioa ez da kausalitatea. Zure tratamentuaren ondorioz sintometan aldaketa bat egoteak ez du zure hipotesia egiaztatzen.
  • Neri funtzionatzen dit” esaldiaren atzean dagoena ulertzeko balio izan dit.
  • Ockhamen labana. “Zaldiak dauden tokian, zebrak ez ikusteko”.

3- Lehenengo arrazonamendu klinikoa eta gero beste guztia. Prestakuntzetan  xahutu ditudan diru, esfortzu eta denbora guztiek ez dute zentzurik paziente baten aurrean pentsatzen ez badakizu. Oinarria, ezinbestekoa da. Adibidez, zertarako balio dizu manipulatzen jakiteak ez badakizu noiz manipulatu behar den? Eta noiz esaten dudanean, hainbat faktore kontuan hartzen ditut: pazientearen itxaropenak, nire itxaropenak, komunikazioa, gaixotasunaren sumingarritasuna, mugimendu asko edo gutxi duen, min erreferiturik duen, mekanosentsibilitatea… eta abar luze bat.

Fisioterapiaren prestakuntza-merkatuan oso ohikoa da teknikak soilik erakustea eta hauek, panazea gisa salduko dizkizute. Mirarizko teknika pila bat erakutsiko dizkizute eta esperientzia eta pentsamendu kritikorik gabe, sinistu egingo dituzu. Nere gomendioa: hasieran ez ezazu tekniketan oinarritzen den prestakuntzarik egin, hori beti ikasi dezakezu. Ikasi lehenago klinikoki arrazonatzen eta gero egin nahi duzuna.

Hemen arrazonamendu klinikorako oparitxo bat.

Esperientzia duzuen guztiei zuen ikuspuntua ematera animatzen zaituztet, oso interesgarria izan daiteke. Eta ikasle edo graduatu berri guztiei zalantzaren bat argitzerik badut (badugu), bota lasai!

Anuncios