Etiquetas

, ,

Idazki honen helburua, gaur egun Euskal Herriko fisioterapeutok Pilates Metodoari buruz zer dakigun ikertu eta guztion artean gure esperientzia eta jakinduria elkarbanatuz, fisioterapia arloan/munduan metodo honen erabilera egokienaren irizpidera ailegatzea da.

FisioXabik idatzitako Ariketa vs Ariketa terapeutiko post-ean hausnarketa eta galdera asko atera ziren eta honek erakarri nau gaur blogean idaztera.

Batek baino gehiagok bere kontsultan edo bere lan egunetan Pilates metodoa ariketa terapeutiko gisa erabiltzen duen dudarik ez daukat; beste batzuk bere gorputzean nabaritu izan dituzte metodo honek dakartzan onurak eta beste askok inoiz ez dute aurreko bi gauzarik egin. Hala ere, dudarik ez dago Pilates izenaren atzean, azken hamarkadetan izan duen boom-ak lagunduta, ezjakintasun handia sortu dela esparru askotan.

Hemen ez naiz Pilatesen historiaz ariko, horretarako sare birtual handi handi bat baitugu honetaz irakurtzeko, baina bere historiaren irakurketak gauza asko argitu diezazkioke bat baino gehiagori. Hala ere hausnarketa edo debaterako galderak hauek izango lirateke:

  • Pilates metodoa Ariketa edo Ariketa Terapeutikoa?

Nire iritziz, biak.

  • Gaitz baten aurrean Pilates metodoak onurak al ditu?

Esperientzia klinikoak baietz esatera eramaten nau, baina gaur egun dugun ebidentzia zientifikoak ez dizkigu gauza asko argitzen. Zergatia, Pilastesak gaitz ezberdinetarako erabil ditzakeen ariketa sorta zabalak protokolizatzeko quorum eza da, eta hauek dakartzaten onurak neurtzearen zailtasunean datza. Hala ere, estatu anglosajoietan gehien bat, ikerketa asko daude zabalik Pilatesen onurak aztertzeko asmoz.

  • Gaitz baten aurrean Pilates metodoaren preskripzioa noren konpetentzia da?

Erantzuna argia da: geurea, fisioterapeutona!! Gure erantzukizunetariko/betebeharretako bat mugimendu normala/osasuntsua berreskuratzeko osasun profesionalak garen heinean hor bukatuko litzateke eztabaida, baina errealitateak hori esaten digu? Ez!!! Gaur egun, eta hor noa izenburuan jarritako moda hitza neureganatzera, errealitatea oso ezberdina da. Gaur egun, gorago jarri dudan modaren ondorioak dakartzan ezjakintasunak eskutik eramanda, edonork eman diezazkioke pilates sesioak gaitza duen edonori, eta horrek mesede gutxi egiten dio gure konpetentziei, eta baita arazo muskulo-eskeletiko baten ondorioz Pilates metodoan onurak aurkitu nahi dituen pertsonari ere. Non daude mugak?

  • Pilates metodoa ariketa terapeutiko gisa erabiltzerako orduan, bakarka edo talde murriztuetan?

Nire iritziz, nire esperientziaren ondorioz eta nire ikuspegi biopsikosozial pertsonaletik, terapiaren hasieran bakarkako abordaia ezinbestekotzat jotzen dut eta aurrerago, minaren auzia atzean utzita, talde murriztuetara pasako nituzke.

Galdera asko eta asko botako nituzke zuen erantzunetatik ikasi eta hausnartzeko asmoz, eta horretarako, bere egunean Xabik botatako galdera bat berreskuratuz bukatu nahiko nuke post hau:

  • Beti esan da pazienteek ez dituztela guk proposatzen dizkiegun ariketak egiten. Zergatik uste duzue dela? Zer egin genezake pazientearen ariketekiko atxikimendua areagotzeko?

 

Anuncios