Orain dela urte batzu, EOM-ekin osteopatia ikasketak amaitzen ari nintzela, “Ikerketaren Metodologia” izeneko mintegian epikondilitisari buruzko ariketa bat egin nuen (edo “tesia”, haien izendapen ponpoxoa erabiltzearren). Ez nuen ariketa amaitu, baina halere prozesuari etekin polita atera nion: barrena, besteek eginiko ikerketak hobeto ulertzeko balio izan dit; eta, batez ere, literatura zientifikoa kontsumitzeari gustua hartu diot. Ariketa hartan, Bill Vicenzino fisioterapeuta australiarraren hainbat lan irakurtzeko aukera izan nuen -epikondilitisa asko ikertu du gizon honek-. Eta hara non, berriz ere hark sinatutako artikulua etorri zaidan esku artera, @NachoFabiani eta @RafaelUgarte lankideei esker.

Erreferentzia:

  • Bisset, Leanne M. Vicenzino, Bill. 2015. Physiotheraphy management of lateral epicondylalgia. Journal of Physiotherapy 61:174-181 (hemen deskarga daiteke).

Artikulu honek epikondilitisa tratatzeko erabiltzen diren hainbat terapia fisikoren eraginkortasuna aztertzen du, errebisio bibliografiko sistematikoaren bitartez. Orokorrean argigarria da. Gehien gustatu zaidana tratamenduari ekiteko fluxu-diagrama izan da: nahiz eta nire lan eremuan aplikatu ezinezkoa den, paziente multzo handiak kudeatzeko erreminta baliotsu eta didaktikoa iruditzen zait, patologia bera eta haren inguruan dauden faktoreak (psikosozialak barne) kontuan hartzen dituena.

Sin título

Errebisioaren ondorioz, autoreek gure eguneroko lanean lehenetsi beharko genituzkeen terapiak seinalatzen dituzte, batetik; eta bestetik, nahikoa ebidentzia ez dutenak baztertzeko gomendioa egiten dute. Azken hoien artean, Bissetek eta Vicenzinok ultrasoinu terapia sartzen dute.

Ultrasoinuak, gutxietsitako terapia fisikoa

Ultrasoinuak ez daude modan, bistan da. Oraintsu arte, tamalez (gure lanbidean ezaugarri nagusia izan den txurriterapiaren eraginez, seguraski) paziente zein terapeuta askok eraginik gabeko tratamendu inespezifikoaren prototipotzat dute. Antzerako gauza gertatzen da elektroterapiarekin edo mekanoterapiarekin, adibidez: pazientea berez sendatu arte, hura entreteniturik izateko modutzat hartzen dira. Ados: askotan modu horretan erabili izan dira, baina honek ez du kendu behar haien berezko balioa. Horretarako, baina, ezin dira edozelan erabili: inoiz hementxe bertan aipatu dudanez, terapia teknikoei etekina ateratzeko ezinbestekoa da haien erabilpena menperatzea, eta terapia hauek gutxiesten duten askok hortxe hutsegiten dute.

Horregatik, Bissetek eta Vicenzinok egiten duten gomendioa zertan oinarritzen den hobeto begiratu nahi izan dut. Izan ere, literatura zientifikoan, autoreen eta aldizkariaren prestijioak ondorioak besterik gabe irenstera gonbidatzen gaituzte (niri behintzat bai) eta normalean ez gara sartzen egileek erabilitako iturriak banan-banan miatzera; autoreei eta errebisoreei ordu kopuru ikaragarria suposatu dien lan astuna, inondik ere. Baina, esandako moduan, niri gaia bereziki interesatzen zaidanez, ultrasoinuari buruzko atala lupaz begiratu dut. Eta nire ondorioak desberdinak izan dira.

Arazo nagusia US-en parametroak dira. Artikuluei erreparatzen badiezue, bai plazeboaren kontra baita beste terapien kontra alderatzean ere, ultrasoinuak ez dira beti modu berean modulatu izan (maiztasuna, modulazioa -kontinuo/pultsante-, intentsitatea…). Honek eragin terapeutikoa asko aldatzen du, noski, eta faktore hori ez dute kontuan hartu. Nekez atera daitezke ondorio orokorrak, konparaketa elementuak heterogeneoak direnean. Injekzioen eragina aztertzea absurdua litzatekeen moduan (siringa barruko substantzia ezagutu barik), ultrasoinuen eragin orokorra ezin daiteke neurtu, haren parametroak kontuan hartu barik. Beste modu batera esanda: laranjak, mandarinak eta klementinak antzerakoak badira ere, ezin dira kaxa berean saldu.

US-ei buruzko atala aztertzeko, nire sasi-tesi amaitugabe haren prestaketako materialari hautsa kendu diot. Estimazio handian dut, zati handi baten Joserra Rueda irakasleari esker: estadistika arloan zeharo galduta, 2010ean nire laguntza-hots desesperatuari erantzun zion Angel Bidaurrazaga lagunaren bitartez. Ruedak paperen maremagnum hartan konfidantzaz mugitzeko tresna baliotsuak erakutsi zizkidan, osteopatia ikasketetan jasotako lasto fardelari oinarri sendoak ipini nahian. Hala, pare bat urtez, epikondilitisarendako erabiltzen diren terapiei buruzko ebidentzia banan-banan nola errebisatu behar zen erakusten aritu zitzaidan pazientzia handiz. Artean ez nintzen konsziente, baina Joserrarekin lan egitea pribilejio handia izan da niretako: ikerketaren munduan pisuzko gizona da (Cochrane kolaboratzailea, horratio!) eta literatura zientifikoan murgiltzeko kontzeptu oso baliogarriak eskaini zizkidan. Horrekin gerora konturatu naiz, eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiot. Edonola ere, esperientzia hori 2012an amaituarazi nuen: halako baten, konturatu bait nintzen (ganorazko) ikerketa egitea ez zela nire lan klinikoarekin bateragarria, eta ez nengoela prest diploma bategatik ogibidea arriskuan jartzeko. Horrela amaitu zen nire “tesiaren” historia; baina, gorago esandako moduan, hazi solte haiek lur emankorrean erori dira.

Errebisioaren errebisioa

Bisseten eta Vicenzinoren lan honetan US-ei eskeintzen zaion atala oso motza da, zutabe batean 10 lerro eskas. Bertan agertzen diren erreferentziak eta ondorioak miatzea, beraz, lan erraza izan da. Horretarako, oso ondo etorri zait Joserra Ruedarekin egindako lan hura: izan ere, errebisio honetan agertzen diren hainbat ikerlan orduan errebisatu genituen. Orduko oharrak begiratuz, eta beste batzuk gehituz, ultrasoinuei buruzko atal honetan esandakoa aztertzen saiatu naiz.

US vs. plazebo

Ikerketan, plazeboaren aurkako entseguak dira garrantzitsuenak, ondorio esanguratsuenak haiek ematen bait dituzte. Bissetek eta Vicenzinok diotenez, era honetako lau ikerketa aurkitu dituzte (ausazko entsegu klinikoak) eta haien emaitzetan ez omen dute alderik erakusten ultrasoinu eta plazebo tratamenduen arteko eraginkortasunean. Nire ustez hau asko esatea da. Hori azaltzeko, errepara diezaiegun banan-banan lau ikerketa hauei:

Binder 1985

Erreferentzia:

  • Binder A, Hodge G, Greenwood AM, Hazleman BL, Page Thomas DP. 1985. Is therapeutic ultrasound effective in treating soft tissue lesions? Br Med J (Clin Res Ed). 290:512–514.

Ikerketa hau nire aurreko errebisioan aztertua nuen. Ondorioa US-en aldekoa da; plazeboa baino emaitza hobeak lortzen dituztela, alegia.

US-en ezaugarriei buruz: pultsantea erabiltzen dela zehazten da (aurreko errebisioan akatsa egin nuen, kontinuoa zela apuntatuz). Zehatzago esanda 1 Mhz-tako 1/4ko pulsoekin. Emisioaren potentzia ez da zehazten.

Alboraketa arriskuei buruz, itsutzea, datuen galerak eta emaitzei buruzko informazioa ona da; aleatorizazioa eta taldeei asignazio prozedura, berriz, ez da ongi azaltzen. PEDroren eskalan 7/10ko nota ematen zaio.

D’Vaz 2006

Erreferentzia:

  • D’Vaz AP, Ostor AJ, Speed CA, Jenner JR, Bradley M, Prevost AT, et al. 2006. Pulsed lowintensity ultrasound therapy for chronic lateral epicondylitis: a randomized controlled trial. 45:566–570.

Ikerketa hau ere errebisatua nuen. Binder 1985-ek bezala, US pultsanteak plazeboarekin alderatzen ditu baina ondorioak desberdinak dira: US-ak ez du plazeboak baino hobekuntza gehiago lortzen.

US-en ezaugarriak, halere, nabarmen aldatzen dira: izan ere, ikerketa honetan aztertutako US modalitatea ez da fisioterapian erabili ohi dena (normalean 0,1 eta 3 W/cm2 inguruko emisioak erabiltzen dira) baizik eta askoz ere intentsitate baxuagokoa (30 mW/cm2). Bestalde, emisioaren maiztasuna 1,5 Mhztakoa izan zen, eta pultsoen modulazioaren berri ez da ematen. Gainera US-ak pazienteak berak aplikatu zizkion bere buruari.

Alboraketa arriskuei buruz, aleatorizazioa, itsutzea, datuen galerak eta emaitzei buruzko informazioa ongi dago; taldeei asignazio prozedura ez dago argi; eta interes gatazka egon daiteke, ikerketa Smith & Nephew laborategiak babesten baitu. PEDroren nota 7/10.

Haker 1991

Erreferentzia:

  • Haker E, Lundeberg T. 1991. Pulsed ultrasound treatment in lateral epicondylalgia. Scand J Rehabil Med. 23:115–118.

Ikerketa hau ere lehendik aztertua nuen. Ondorioak ultrasoinuen kontrakoak dira.

US-en ezaugarriak: emisio pultsantea (1/4), 1 Mhz-tako maiztasunean, eta 1 W/cm2-tako intentsitatean.

Alboraketa arriskuei buruz, aleatorizazioarena zalantzazkoa da; baita asignazio prozedurarena eta emaitzei buruzko informazioarena ere (azken arlo honetan, ez dituzte argitzen ikerketaren helburua eta emaitzen parametroak); itsutzea eta datuen galerei buruzko informazioa ongi dago. PEDro-k 7/10ko nota ematen dio.

Lundeberg 1988

Erreferentzia:

  • Lundeberg T, Abrahamsson P, Haker E. 1988. A comparative study of continuous ultrasound, placebo ultrasound and rest in epicondylalgia. Scand J Rehabil Med. 20:99–101.

Artikulu hau ezin izan genuen aurkitu Joserrarekin nenbilenean; orain berriz, Holandako CEBP-aren webgunean lortu dut, eskaneatuta. Emaitzak ez ditut argi ikusten: autoreek (Lundeberg et al) diote ez dagoela alderik; nik, berriz, baiezkoan nago. Oraintxe azalduko dut zergatik.

Ikerketa honek hiru talde aztertu zituen: lehenengoan ultrasoinu kontinuoa erabili zen (1 Mhz; 1 w/cm2); bigarrenean plazeboa (emititzen ez zuen ultrasoinu faltsua) eta hirugarrena atsedena egin zuen kontrol taldea izan zen. Hiru taldeetan, modu esanguratsuan hobetu ziren paziente kopurua %36, %30% eta %24 izan zen, hurrenez hurren. Halere, autoreen ondorioa ez dut ongi ulertzen: esaten dutenez, US / plazebo taldeek atseden taldearekin alde esanguratsua lortu zuten; baina US taldeak ez zuen alde esanguratsurik lortu plazebo taldearekin alderatuta. Nire zalantza hauxe da: zergatik da esanguratsua %6-ko aldea lehen kasuan, baina bigarrenean ez? Agian analisi estadistiko aldetik zerbaitek ihes egin dit? Horrela bada, gustora entzungo nuke azalpena; bitartean, inkoherentzia bezela hartuko dut.

Alboraketa-arriskua neurtu barik nuen, eta beraz nire apunte zaharretako taulak (Higgins 2008) erabili ditut ariketa modura (halere, beharbada hobe izango duzue PEDro-taz fidatzea, jejeje: honek 7/10ko nota ematen dio):

  • Aleatorizazioari buruz: artikuluan “a therapist not involved in treatment arranged a schedule allocating patients at random…” baino ez da aipatzen, ausazko prozedura zein izan zen zehaztu barik. Zalantzazko alboraketa arriskua, beraz.
  • Talde asignazioari buruz: pazienteek zein ikerlariek ez zekiten zein taldetan zeuden; kanpoko pertsona batek ezartzen zituen taldeak, baita US aparatua modu eraginkorrean edo plazeboan ipini ere. Alboraketa arrisku gutxi, beraz, alde honetatik.
  • Itsutzeari buruz: bistan da tratamendu fasean ongi bete zela; gero, berriz, ez da aipatzen berrebaluaketa egin zutenek pazienteen taldearen berri ote zuten edo ez, eta beraz fase honetan alboraketaren bat gertatu ahal izan den.
  • Datu galerari buruz: artikuluan aipatzen denez, tratamenduan eta hamabosteroko errebisioetan 99 pazientek partehartu zuten. Gero hilebetez kontrolatu ziren, eta ez du aipatzen inork ikerketa utzi zuenik. Hori hala dela onartzen badugu, ez da arlo horretan alborapenik.
  • Emaitzei buruz: ez dira emaitza-taulak argitaratzen, haien bilana baino; halere, metodoetan iragarritako parametro guztien berri ematen da. Beraz, alboraketarik dagoenik ez dirudi.

US vs. plazebo: ondorioak

Lau ikerketa hauetatik, beraz, Bissetek eta Vicenzinok ondorioztatzen dute ultrasoinuen eragin terapeutikoa ez dela plazeboarena baino handiagoa. Nik, berriz, arazo handi bat ikusten diot arrazonamendu honi: estudiatu diren US interbentzioak berdinak ez direla. Hemen erkatu ditzakezue:

Binder 1985 D’Vaz 2006 Haker 1991 Lundeberg 1988
Modulazioa pultsantea 1/4 Pultsantea (gehiago zehaztu barik) pultsantea 1/4 kontinuoa
Maiztasuna 1 Mhz 1,5 Mhz 1 Mhz 1 Mhz
Intentsitatea zehaztu barik 30 mW/cm2 1 W/cm2 1w/cm2
Plazeboarekin alderatuta emaitza… hobea berdina berdina hobea

Horretara, niri arinegia iruditzen zait “no difference in the likelihood of global improvement between US and placebo” izan dela ondorioztatzea. Hasteko, lau tratamenduak desberdinak izan ziren, eta beraz ezin da ondorio bateratua atera; eta edonola ere, lautik birek emaitza hobeak eman dutenean, nire ustez askotxo da “no difference” dagoela esatea.

US vs. beste terapiak

Aurreko atalean US aplikazioek parametro desberdinak izateak konparaketa arazoak ekarri badizkigu (laranjak, mandarinak eta klementinak), atera kontuak zer gertatuko den US-ak beste terapiekin alderatzean (laranjak eta sagarrak): abiapuntutik bertatik dakigu –eta Bissetek eta Vicenzinok ere hala aitortzen dute- hemendik aterako diren datuek balio gutxi izango dutela. Egin dezagun errepasoa halere.

Bisseten eta Vicenzinoren esanetan, ikerketa hauek ez dute erakusten US-ek emaitza hoberik dutenik fonoforesiak, ukondoko ortesiak, akupunturak eta cyriax masajeak baino.

Davidson 2001

Erreferentzia:

  • Davidson JH, Vandervoort A, Lessard L, Miller L. 2001. The effect of acupuncture versus ultrasound on pain level, grip strength and disability in individuals with lateral epicondylitis: a pilot study. Physiother Can. 53:195–202211.

Ultrasoinuaren gaitik irtetzea bada ere, aipa dezagun Bissetek eta Vicenzinok atal berean sartu dutela “acupuncture” eta “dry needling” izeneko terapiak. Arlo horretan espezialista ez naizen arren, esan behar dut deigarria egiten zaidala hain oinarri teoriko desberdina duten bi teknika hauek zaku berean sartzea. Badirudi egileei ez zaiela ardura; eta honek errebisioan erabili diren irizpide orokorrei buruzko zalantzak sortzen dizkigu…

Ikerketa honen testua ezin izan dut eskuratu. Halere, laburpenak datu batzu argitzen dizkigu:

  • Ultrasoinu tratamendua pultsantea da (1/4), 1 Mhz, 1 w/cm2, 10’. “BNR 1:6” parametroa ere zehazten du, ez dakit zer esan nahi duen.
  • Bi taldeak (ultrasoinua eta akupuntura tratamendua jaso zutenak) neurri beretsuan hobetu ziren.
  • Ikerketaren kalitatea zalantzan jartzen duten hainbat faktore: pazienteak eta terapeutak ez zeuden itsututa; lagin oso txikia (16 paziente); terapia bien aldea neurtzean, ezin da baloratu plazebo efektuari egotzi diezaiokegun hobekuntza. PEDro-k 5/10ko nota ipintzen dio.

Grua 1999

Erreferentzia:

  • Grua D, Mattioda A, Quirico PE, Lupi G, Allais G. 1999. Acupuncture in the treatment of lateral epicondilitis: evaluation of the effectiveness and comparison with ultrasound therapy. Giornale Italiano di Riflessoterapia ed Agopuntura. 11:63–69.

Hemen ere ezin izan dut artikulu osoa aurkitu. Laburpenetik ateratako datuak:

  • Ez da US parametroen berririk ematen.
  • 20 pertsona akupunturarekin tratatu ziren, beste 20 ultrasoinuekin. Talde biak hobetu baziren ere, akupunturakoa nabarmen gehiago.
  • Alborapen arrisku nabarmena: terapeutak, pazienteak eta esploratzaileak ez ziren itsutu. PEDro-ren nota 5/10.

Holdsworth 1993

Erreferentzia:

  • Holdsworth LK, Anderson DM. 1993. Effectiveness of ultrasound used with a hydrocortisone coupling medium or epicondylitis clasp to treat lateral epicondylitis: Pilot study. 79:19–25.

Honen testua ere ez dut lortu. Laburpenean ez digu hainbeste gauza zehazten:

  • Hiru interbentzio alderatzen dira: US gel neutroarekin, US farmakodun gelarekin (hidrokortisona) eta ortesis bat. Laburpenean ulertzen denez, hiru interbentzioen arteko konbinazioak egin ziren. Guztira 36 paziente.
  • Ultrasoinuen parametroak ez dira zehazten.
  • Tratamendu desberdinen arteko alderik ez zuten ikusi; denak neurri berean hobetu ziren, alegia.
  • Alborapen arrsku nabarmena: pazienteak eta terapeutak itsutu barik. PEDro-ren nota 5/10.

Stratford 1989

Erreferentzia:

  • Stratford PW, Levy DR, Gauldie S, Miseferi D, Levy K. 1989. The evaluation of phonophoresis and friction massage as treatments for extensor carpi radialis tendinitis: a randomized controlled trial. Physiother Can. 41:93–99.

Artikulu hau CEBP-ren bitartez lortu ahal izan dut.

40 paziente 4 taldetan banatu ziren. Lehenengoa US gel neutroarekin; bigarrena US gel neutroarekin eta cyriaxen maniobra; hirugarrena fonoforesia gel hidrokortisonadunarekin; eta laugarrena fonoforesia eta cyriaxen maniobra. US emisioaren parametroak ez ziren finkoak izan: pazientearengan eragindako minaren arabera moldatzen ziren, eta horretara emisioa batzutan kontinuoa izan zen, bestetan pultsantea; intentsitatea 0,5 w/cm2 eta 1,3 w/cm2 artean alda zitekeen. Hidrokortisona preparazioa farmazia batean apropos egin zuten, US gel normalaren itxurarekin. Cyriaxen maniobra, berriz, 10 minututan zehar burutu zen posizio desberdinetan, afektatutako muskuluaren arabera.

Emaitzak neurtzerakoan US taldeen emaitzen analisiak, intentsitate eta modalitatearen arabera (kontinuoa / pultsantea) estratifikatu egin ziren; ez zuten halere parametro hauen eta hobekuntza tasen arteko korrelaziorik aurkitu. Lau taldeen emaitzetan hobekuntzak lortu ziren arren, haien artean ez zen alde esanguratsurik ikusi. Ondorioz, autoreek fonoforesiaren eta cyriaxen maniobraren balioa zalantzan jarri zuten. Egileek ez zuten ultrasoinuaren berezko balioari buruzko obserbaziorik egin, entsegu honetan ez baitzen hori ikertu.

PEDro-k 6/10ko nota ematen dio. Testu osoa eskura izatean alboraketa arriskua Higgins 2008-ren irizpideekin aztertu ahal izan dut:

  • Aleatorizazioari buruz: zenbaki-taula aleatorioa erabili zen. Alde honetatik, alboraketa arrisku gutxi beraz.
  • Talde asignazioari buruz: ez da argitzen nola erabili zen taula aleatorio hori, bakoitzari tokatutako taldea ezin aurreikusi ahal izateko. Zalantzazko alboraketa arriskua.
  • Itsutzeari buruz: pazienteak eta terapeutak ez zeuden itsututa, ebaluatzaileak bakarrik. Alboraketa arrisku handia.
  • Datu galerari buruz: ez da argitzen ea hasi zuten paziente guztiek amaitu ote zuten ikerketa. Zalantzazko alboraketa arriskua.
  • Emaitzei buruz: tauletan bataz besteko emaitzak agertzen dira, aurretiaz zehaztutako parametro guztiei buruz. Alboraketa arrisku gutxi.

US vs. beste terapiak: ondorioak

Lehen esan dudan legez, ondorio gutxi atera daitezke hemendik ultrasoinuei buruz. Batetik, laranjak eta sagarrak alderatzen ari garelako. Eta bestetik, aurkezten zaizkigun laranjak ere (US) barietate desberdinetakoak direlako, taula honetan ikus dezakezuenez:

Davidson 2001 Grua 1999 Holdsworth 1993 Stratford 1989
Modulazioa pultsantea 1/4 Daturik ez Daturik ez Pultsantea edo kontinuoa
Maiztasuna 1 Mhz Daturik ez Daturik ez Daturik ez
Intentsitatea 1w/cm2 Daturik ez Daturik ez 0,3 eta 1,3 w w/cm2 artean
Beste terapiekin alderatuta emaitza… Berdina (akupuntura) Txarragoa (akupuntura) Berdina (ortesia eta fonoforesia) Berdina (cyriax, fonoforesia)

Aurretik eginiko bi errebisio

Lehen esandako moduan, Bisseten eta Vicenzinoren artikuluan US-ei buruzko atala oso motza da: orain aztertu ditugun ikerketa guztiei buruzko komentarioek 7 lerro baino ez dituzte hartzen. Horren ostean, atala esaldi honekin amaitzen da: “The conclusions drawn from previous systematic reviews remain unchanged: US appears to be no more effective than placebo for pain relief or self-perceived global improvement in the short term”. Hau irakurrita, noski, aurretik eginiko errebisio hoiek aztertu nahi izan ditut, ea konklusioak berdinak izan ziren edo ez.

Lehenengoa hauxe da:

  • Bisset L, Paungmali A, Vicenzino B, Beller E. 2005. A systematic review and metaanalysis of clinical trials on physical interventions for lateral epicondylalgia. Br J Sports Med. 39:411–422. 2005ko errebisio honetan, aurreko ataletan aipatutako hainbat ikerketa komentatzen zaizkigu, baita 2015ko errebisio honetan aintzat hartu ez diren beste hiru ere (seguraski oso esanguratsuak ez direlako)[1] [2] [3].

US-ei dagokion atalean, autoreek ondorio hauek ateratzen dituzte: “Owing to the differences in comparator conditions, differences in outcome measures, and timing of outcome measures, most of these results cannot be pooled. (…) Based on the best evidence synthesis, there is insufficient evidence to either support or refute the use of US as a unimodal treatment for LE when based on pooled data and studies that compared it with other active treatments or a placebo”. Hau da: laranjak, mandarinak eta klementinak alderatuz ezin dela inolako ondoriorik atera.

Bigarren errebisioa, berriz, hauxe da:

Momentuz ezin izan dut lortu. Halere, goian esandako “The conclusions drawn from previous systematic reviews remain unchanged “ esaldiari jaramon egiten badiogu, pentsatzekoa da honen ondorioak ere ez direla gaur hemen azaldutakoaren aldean oso desberdinak izango.

Errebisioaren errebisioa: nire ondorioak

Kontuan hartuta 2015an eginiko errebisio honetan aztertutako artikuluak –gogoratu ultrasoinuen atalari buruz bakarrik ari naizela- eta 2005ko errebisioan aztertutakoak berberak direla, ondorio beretsuekin (baita kasuren baten US-en aldekoak ere[4]), ez dut inolako arrazoirik ikusten 2005eko ondorio hoiek aldatzeko. Hau da: “Konparazio baldintzen, emaitzen neurrien, eta emaitzen epeen desberdintasunak direla eta, emaitza gehienak ezin dira erkatu (…) Kalitate oneneko ikerketen sintesia eginda, ez dago nahiko ebidentziarik ez US-en erabilpenaren alde, ez kontra.

Oier Gorosabel Larrañaga

http://abante.eus/

[1] Pienimaki T, Tarvainen T, Siira P, et al. 1996. Progressive strengthening and stretching exercises and ultrasound for chronic lateral epicondylitis. Physiotherapy 82:522. Ariketa terapeutikoa vs. US pultsantea; emaitza ez dago argi.

[2] Smidt N, Van der Windt D, Assendelft W, et al. 2002. Corticosteroid injections, physiotherapy, or a wait-and-see policy for lateral epicondylitis: a randomised controlled trial. Lancet 359:657–62. Hiru tratamendu desberdinen emaitzak konparatu ziren: lehenengo taldean masajea + US + ariketak; bigarrenean, kortikosteroideen injekzioa; eta hirugarrenean, wait and see kontrola. Epe motzean lehen taldeak emaitza hobeak lortu bazituen ere, epe luzera hiru taldeek antzerako eboluzioa izan zuten.

[3] Struijs P, Damen P, Bakker E, et al. 2003. Manipulation of the wrist for management of lateral epicondylitis: a randomized pilot study. Phys Ther 83:608–16. Eskumuturreko manipulazioa vs. cyriax+US+ariketak; talde bien emaitzen artean ez zen alde esanguratsurik egon.

[4] Binder A, Hodge G, Greenwood AM, Hazleman BL, Page Thomas DP. Is therapeutic ultrasound effective in treating soft tissue lesions? Br Med J (Clin Res Ed). 1985;290:512–514.

Anuncios