zeidan2015

Ruben Tovarren bidez izan nuen haren berri, eta Luis Torijari esker lortu dut azkenean:

  • ZEIDAN, Fadel et al. Mindfulness meditation-based pain relief employs different neural mechanisms than placebo and sham mindfulness meditation-induced analgesia. The Journal of Neuroscience, November 18, 2015 • 35(46):15307–15325

Ikerketa honetan, meditazioak minaren perzepzioan eragiten dituen aldaketak estudiatu ziren, ondorio interesgarriekin: besteak beste, meditazioaren berezko eragina eta testuinguru psikosozialarena (postura, arnasa, sinesmenak, ingurugiroa, monitorearen harreta…) bereizten saiatu ziren adibidez.

Halere, izenburua irakurtzearekin batera zalantzak sortu zitzaizkidan: nola egin daiteke “meditazio faltsu” bat??? Planteamendua bera zentzugabekoa iruditzen zitzaidan, “optimismo faltsua” edo “ausardia faltsua” aztertzea legez. Artikulua poliki-poliki irakurri eta gero, oso ondo egindako entsegu klinikoa aurkitu dut; ondo eginda… baina oinarri ahularen gainean.

Mindfulness” (“kontzientzia osoa”) izena Euskalherrian duela gutxi entzuten hasi bagara ere, 1990 hamarkadatik hona zabaldu da EEBB-etan. Labur esateko: budismoan aspaldi erabiltzen den meditazio klasiko bera da, baina erlijio kutsua kenduta. Esandako moduan, entsegu honetan autoreek benetako eta gezurretako meditazioak bereiztu dituzte: biak arnas sakonean oinarritutako erlaxazio saio gidatuak dira, ezaugarri beretsuekin (posizioa, gela, gidaria, instrukzioak ematen pasatutako denbora, begi itxiak…). Bien artean alde bakarra dago: benetakoan, saioko gidariak harreta arnas mota jakin batzuetara bideratzen du; gezurretakoan, berriz, arnasari buruzko instrukzioak orokorragoak dira.

Lau talde egin ziren, aurretik sekulan meditazioan aritu gabeko jendez osatuak, eta entsegua egin aurretik laurei “mindfulness maila” neurtu zitzaien galdetegi bidez; era berean, estimulu termiko mingarrien aurrean garunaren aktibitatea, arnasa eta odolaren oxigenazioa monitorizatu zitzaien. Gero, talde bakoitzarekin 4 saio egin ziren:

  • Placebo taldea: pomada neutroa ematea, analgesikoa zela esanaz.
  • Mindfulness meditazio taldea: eguneroko saio bat, lau egunez.
  • Mindfulness “faltsuko” taldea: berdin.
  • Kontrol taldea: “The Natural History and Antiquities of Selborne” liburua irakurri zitzaien 4 egunez. Liburu hau erlaxazio saio gidatuen konparaketa neutraletarako balidatua (¡!) omen dago.

Eta saioen ostean, neurketak errepikatu ziren.

Pentsatzekoa den bezala, interbentzioko hiru taldeetan lortu zen analgesia; hiruen artean, halere, mindfulness erako meditazioa praktikatu zuten taldean lortu zen efektu handiena (estimulu termiko berdinen aurrean min gutxiago igartzea, alegia).

Neuroirudietan, emaitza bat nabarmendu zen: min sentsazioaren jaitsiera, nozizepzioa gobernatzen duten garuneko guneen aktibitatearen jaitsierarekin bat datorrela. Bigarren maila batean, zenbait guneren aktibitatearen igoera ere neurtu zen: minaren kontrol kognitiboa ahalbidetzen dutenak, hain zuzen ere. Efektu hauek nabarmenagoak izan ziren mindfulness taldean, jakina; autoreen arabera, honen azalpena “benetako eta gezurretako mindfulness meditazioek eta plazeboak erabiltzen dituzten bideak desberdinak direla” izango litzateke. Ondorio hau behin eta berriro azpimarratzen dute gainera, haien iritziz oso garrantzitsua eta berritzailea baita.

Interpretazio honi, baina, funtsezko akatsa ikusten diot nik, entsegu kliniko osoaren diseinua kolokan jartzeko bestekoa gainera: hemen komentatu genuenez, plazebo fenomenoa ez da bat eta bakarra (kasu honetan, krema analgesiko faltsu batekin pizten den mekanismoa), eta beraz ezin dugu esperimentu honen emaitza plazebo guztietara estrapolatu. Gauza bera esan genezake meditazioari buruz: mindfulness denominazioa duen prozedura hori ez da egin daitekeen meditazio bakarra; meditazio teknika arinagoak dauden bezala (mindfulness “faltsu” bezela izendatutako horixe bera, esate baterako), sakonagoak ere badaude (ezpata sartuta minik hartzen ez duen fakirrarena adibidez), eta seguraski plazebo izenez ezagutzen dugun fenomeno zabal horrekin mekanismo neurofisiologikoak partekatzen dituzte.

Edonola ere, ñabardura hauek gainetik, ondorio argi eta garbia nagusitzen da: meditazioak (zenbat eta sakonago, hobe) minaren perzepzioan eragin indartsua duela, eta min kronikoaren kontrolean paper garrantzitsua jokatu dezakeela. Kontuan har dezagun, osagileok zein pazienteek!

Oier Gorosabel Larrañaga

http://abante.eus/

Anuncios