Etiquetas

,

Txingurritzeak, sentsibilitate arazoak, indar gabeziak, disestesiak, erremina… Horrelako sintomak dituen paziente baten aurrean bazaude, nerbio sisteman pentsatuko duzu seguru asko. “Estimulua ez da behar bezala garraiatzen”,  “erradikulopatia bat izan daiteke“, edo horrelako zerbait pentsatu dezakezu. Oso argi ikusten ez duzunez, medikuarengana bidaltzen duzu, ea zorte pixka batekin elektroneurografia bat egiten dioten.

Pazientea zuregana bueltatzean, latentziak, grafikoak eta abar agertzen diren txosten bat duzu begien aurrean. Datu guzti horiek pasa eta konklusioetara zoaz zuzenean. Baina zure harridurarako, emaitzak negatiboak dira.

Sintomek nerbio sisteman arazo bat dagoela adierazten dute baina froga elektrofisiologikoek ez dute baieztatzen… eta orain zer?

Behin baina gehiagotan klinikan bizi izan dudan egoera da honako hau. Ziur naiz zuei ere gertatu zaizuela. Egoera honek sortzen dituen gaizkiulertuak nabarmenak izaten dira eta arrazoietako bat, gai honi buruz jaso dugun prestakuntza faltan dagoelakoan nago.

Argitzeko asmoz, garrantzitsua da, sailkapen sinple batetik hastea. Nerbio sistemak sortzen dituen sintomak bi atal nagusitan banatu daitezke:

  • Sintoma positiboak: Hau da, funtzioa irabazi da. Nerbio sistema kitzikakorregia da edo bere inhibizio sistemek kale egiten dute. Beraz estimuluak errezegi bidaiatzen duela esan genezake. Hiperalgesia, parestesia, disestesia, min espontaneo edo eta mekanosentsibilitate asko edukitzea bezalako sintomak dira honen adierazle. Sentsibilizazio periferiko edo zentrala bezalako egoerak, sintoma positiboak dira, estimuluaren garraioa erreztua baitago. Klinikoki, test neurodinamiko, tinel edo spurling bat positiboa izango da kasu hauetan.
  • Sintoma negatiboak: Funtzioa galdu da. Beraz, estimulu elektrikoaren garraioa gutxitua dago. Hipoestesia, anestesia, indar edo sentsibilitate faltak izaten dira ohiko sintomak. Klinikoki, erreflexu miotendinosoak, balantze muskularra edo sentsibilitatearen azterketa erabili beharko dugu hauek ebaluatzeko.

Hau jakinik, muga argi bat ezarri dezakegu. Jakin badakigu, froga elektrofisiologiko klasikoek estimuluaren jaitsiera edo gutxiagotzea bakarrik neurtzeko ahalmena dutela. Ez hori bakarrik, mielina duten  A beta eta fibra motoreen egoera negatiboak bakarrik diagnostikatzeko balio dute. Mina edo tenperatura garraiatzen duten (A delta eta C fibrak) beste fibra batzuk ezin ditu ebaluatu. Beraz, ez dute min neuropatikoa eta lassegue positibo bat duen paziente batentzat balio. Emaitzak negatiboak izango baitira.

Akats diagnostiko hau oso ohikoa izaten da eta test elektrofisiologikoak erreferentziazko froga bezala ulertzen ditugulako gertatzen zaigu. Gold standard bat izango balira bezala. Benetan egoera zehatz bat diagnostikatzeko bakarrik balio dutenean.

Zuen esperientzia jakin nahiko nuke, eduki dituzue horrelako kasuak?

 

 

 

Anuncios