Etiquetas

,

Azkenaldian gogotsu gabiltzala ikusteak ilusioz beteriko sarrera hau idaztera bultzatu nau. Ea eztabaida sano bat ateratzen den…

Denok dakizuen bezala, Albert Einstein handiak iragarritako uhin grabitazionalak neurtu dituzte lehen aldiz LIGO behatokian. Nahiz eta nik ez dakidan zer diren (lasai, ez dizuet hauei buruz hitz egingo), badirudi aurkikuntza oso garrantzitsu baten aurrean gaudela. Unibertsoa ikertu eta ulertzeko sistemak eraldatu ditzakeela. Horrela izango da seguraski (ez daukat hau kritikoki ebaluatzeko ezagutzarik) baina asko gustatu zait aurkikuntza hau ezagutzea, hausnarketa polit bat ekarri baitit burura.

Dakizuen bezala, Einsteinek orain dela 100 urte iragarri zituen baina aipatu zuen oso zaila izango zela hauek ebaluatzea. Punta puntako teknologia beharrezkoa zelako eta bere garaian horrelako tresnarik ez zen existitzen. Hala ere, berak hipotesi bat bota zuen eta beregain hartu zuen “onus probandi“a, nahiz eta bazekien berak ezingo zuela frogatu. Hau da, bere hipotesia gezurtatzeko aukera zabaldu zuen. Beste pertsona batek, Einsteinek esaten zuena gezurra zela frogatzen bazuen, akabo gure zientzialariaren teoria. 100 urte ondoren, inork ezin izan du gezurtatu eta gainera hauen existentziari buruzko froga sendoak ditugu momentu honetan.

Aizu, baina hau ez zen fisioterapia blog bat? Zerikusi du honek nere ogibidearekin?

Ba, nere ustez handia. Garrantzi gutxiegi ematen diogun kontzeptu filosofiko bat ezkutatzen baita goiko lerroetan. Zientziaren filosofiaren oinarrietako bat. Askotan, fisioterapian erakusten ez dena eta ondo ulertutako zientziaren adierazleetako bat. Errez esanda: edonork egindako teoria, hipotesi edo proposamenak gezurra izan daitezke eta hauek ebaluatzeko aukera zabaldu behar dugu, ezagutza sendoago baten bilaketan. Gezurra direla ikusten bada, akabo teoria.

Eta honela iristen naiz hausnarketara…

Ideia hau errespetatzen ez duten zenbat teknika, metodo eta kontzeptu daude fisioterapiarekin lotuta era batetan edo bestean?

Reikia, akupuntura, osteopatia kraneala, biszerala, kiropraktika, terapia faszialak… eta abar oso luze bat. Hauek denek, proposamen teorikoen oinarriak frogatzen al dituzte? Benetan gertatzen den hori gertatzen dela frogatzeko prest al daude? “Onus probandi”a beregain hartzen dute? Gezurtatzeko aukera zabaltzen dute?

Nik, ezetz uste dut. Asmo txarrik gabe egiten dutela pentsatu nahiko nuke, baina esperientziak ez dit hori erakutsi. Hainbat motatako interes eta aurreiritzien ondorio bat dela iruditzen zait. Gai hau beste fisioterapeuta batzuekin ateratzen dudan bakoitzean Carl Sagan bikainak idatzitako “Dragoi bat garajean” pasartea datorkit burura. Ezagutzen ez baduzu, oso gomendagarria da. Era oso sinple batetan esplikatzen baitu, ideia honen mamia.

Bukatzeko, bideo polit bat uzten dizuet. Emily Rosaren bideo bat, inoiz artikulu zientifiko bat idatzi duen pertsona gazteena. Aipatutako teknika hauek, “Onus probandi”a bere gain hartzen dutenean gerta daitezkeen gauzak ikusteko:

Beraz, fisioterapia zientzia dela onartzen badugu, muga ezarri beharko genuke?

Anuncios