Etiquetas

, , , , ,

cranial mobility

Atzo bertan lagun batek artikulu hau bidali zigun, eta aste honetan sare sozialetan leku desberdinetan eskegita ikusi dut, osteopatia kranealaren erabilpenaren inguruan erreferentzia bezala erabilita. Jakinmina piztu didan datua izan da eta artikuluaren irakurketa kritiko bat egitera animatu naiz.

Pubmed-en agertzen diren datuak soilik kontutan hartuta, garezur-gangaren tratamendua jaso duten pazienteen erradiografiak aztertu direla ikus dezakegu. Tratamendua jaso baino lehen eta tratamendua jaso ondoren garezurraren hazurren arteko distantzia neurtu da eta bien artean desberdintasunak daudela ikusi da, paziente gehienek (%91,6) 3 jostura edo gehiagotan mugimenduak jasan dituztela aurkituz.

Testu osoa aztertzerakoan hurrengo datu interesgarriak topatu daitezke:

  • Atzera begirako azterketa bat da: ikerketa pazienteen tratamendua amaitu ondoren egin da eta tratatamenduaren nondik norakoak ez daude kontrolpean.
  • Ez du kontrol-talderik: honek emaitzei mugak jartzen dizkie, ezin dugulako jakin hazurren mugimendua tratamenduaren ondorioz gertatu den edo beste aldagairen baten ondorioz gertatu den.
  • Tratamenduari buruzko zehaztasun-eza: ikerketak gai honen inguruan aipatzen duen datu bakarra da pazienteek euren hortz-tratamenduaren barnean garezur-gangaren tratamendua ere jaso zutela.

Beraz, artikulu honen ondorio zehatza hau litzateke  nire ustez: hortz-tratamenduaren teknika desberdinak jaso zituzten 12 pazienteetan garezurraren hazur desberdinen artean mugimendua ikusi da. Hau da, tamalez, ezin dugu baieztatu emaitzak tratamenduaren ondorio direla eta izatekotan ezin dugu jakin aplikatutako zein teknikak eragin dituen aldaketa horiek.

Amaitzeko, galdera bat egiten diot nire buruari: ikerketa 2002koa izanik eta autoreek euren konklusioetan paziente talde handiago bat duen itsututako itsu-bikoitzeko azterketa prospektibo bat proposatzen dutela kontutan hartuta, zergatik ez da (14 urte geroago) horrelako ikerketarik egin?

Anuncios