tendinopatiak-gacimartin


Ana Gacimartin fisioterapeutak hautsak harrotu ditu sare sozialetan, JOSPT monografikoari buruz egin duen sintesiarengatik (blog honetan ere partzialki komentatu dugu, hemen eta hemen). Egia esan, bere idazteko estilo arina eta era berean zorrotza gaia dibulgatzeko ezin hobea da, eta seguraski bere blogeko artikulu hau behin eta berriz aipatua izango da datozen urteetan, fisioterapeuten arteko formakuntza eta birziklaze saioetan iturri bezala:

Berrikuntza itzela zelakoan, orain dela gutxi integratu dut nik ariketa exzentrikoen erabilpena (bai, neu ere tendoia sendatzeko teknika pasiboak erabiltzen zireneko sasoikoa naiz) eta hara non, eredu hori ere desfasatua ei dagoela enteratzen ari naizen. Zorionez, esan beharko!

Halere, fisioterapia aurreratuaren (irakur bedi ironiaz) eta, zer esanik ez, traumatologiaren arloan, nire aje hau oso hedatua dagoela esango nuke. Gacimartinek ondo dioen modura, “Kolperik hartu duzu? Ez. Bada, zure minaren arrazoia tendinitis bat da” pseudodiagnostikoa jaso duen jendea etortzen zaigu egunero kontsultara. Bai: teorian, denok dakigu diagnostiko diferentziala egiten; baina praktikan… oso gutxitan egiten da. Artikuluan gogoratzen denez, tendoiaren patologiak hiru ezaugarri ditu:

  • Min lokalizatua.
  • Geldirik egon ostean, mugiten hastean gehitu egiten da.
  • Karga aldaketa baten ostean hasitakoa da (entrenamenduen intentsitate igoera, mugimendu errepikatuak, zapata aldaketak…).

Kontzeptu interesgarri (eta oinarrizko) batzu ere aipatzen ditu: mekanotransdukzioa eta hegi fisiologikoa. Honen harira, ariketen progresioa modu didaktikoan aurkezten du (pazienteei azaltzeko moduan), eta lesioa zergatik gertatu den jakin beharraren garrantzia azpimarratzen du, tratamendua planteatzerakoan ere kontuan hartu beharko den datua.

Zergatik da tendoiaren adaptazioa beste ehunena baino geldiagoa? Baskularizazio eskasiaren teoria (nik gaur arte sinistu dudana) ez omen da balekoa. Zelula eskasia da kontua: eta tendoiak, bere zelula kopuruaren araberako baskularizazioa baino ez du. Gacimartinen beste adibide oso grafikoan: “arazoa ez da lantegira janari gutxi ailegatzen dela; arazoa langile gutxi dagoela da”. Eta horregatik, “eraso” bat dagoenean (lehen aipatutako karga igoera, adibidez), lehenengo kexatzen den egitura tendoia izango da.

Behin hori ulertuta, eta arazoa tendoiarena dela ziurtatuta, lesio mota zehaztu beharko da. “Tendinitis” kontzeptua 70 hamarkadakoa da, lesio mota hauek inflamazio kronikoarekin lotzen zirenekoa (Grossen eredu inflamatorioa, neuk karreran ikasi nuena); 90 hamarkadan, berriz, Clancyren “tendinosis” eredua nagusitu zen, baina eztabaida ez zen gelditu eta gerora, adostasun faltan, “tendinopatiaz” hitz egiten hasi zen, Cook&Purdam eredua 2009an argitaratu zen arte. Esan beharrik ez dago ni eta nire modukoak eztabaida guzti hauetaz ez ginela enteratu ere egin –literatura zientifikoa ez irakurtzearen ondorioak-.

Cookek eta Purdamek, beraz, “eredu kontinuoa” proposatu zuten, eta nahiz eta kuestionatua dagoen (oraindik aurreko bi teorien defendatzaileak baitaude), gaur arte ebidentzia gradu gehien duen teoria da. Honen arabera, tendinopatiak 3 fase izango lituzke:

  1. Fase erreaktiboa: tendoiak karga igoeraren aurrean emandako erantzun probisionala, non zelulak ugaltzen diren –inflamaziorik gabe- tendoiaren lodiera handituz, karga eremu zabalagoan banatzeko.
  2. Endekapenaren hasiera: tendoiaren egitura desorganizatzen hasten da, eta baskularizazio eta inerbazio berria sortzen da. Klinikoki, gaitza da 1. fasetik desberdintzea (irudi frogak behar dira).
  3. Endekapen aurreratua: tendoiaren egitura oso kaltetua dago, zelula hilen eremuak daude, egitura desorganizatua dago, neobaskularizatua baina kolageno gutxirekin.

Progresio honetan, tendoiaren errekuperazio aukera progresiboki gutxitzen doa, eta hura bultzatzeko faktore nagusia kargaren berregokitzapena da.

Tratamenduari buruz, Gacimartinek klasikoki erabili izandako tekniken errepasu kritikoa egiten du: traumatologia aldetik kortikosteroideak, erpekada kirurgikoa, immobilizazioa eta ortesi konpresiboak; fisioterapia aldetik berriz esku terapia, US (bere erabileraren kontrako iritzia agertzen du, baina lehen ere ukatu izan dudan argumentuarekin), txoke-uhinak, laserra eta ariketa exzentrikoa aipatzen ditu (azken hau Alfredsonen 1998ko esperimentuaren ostean garatua, benetan xelebrea, ez nuen anekdota ezagutzen).

Horren ostean, mekanotransdukzio / hegi fisiologiko kontzeptuei berriro helduz, Cooken ereduarekin bat datorren ariketa terapeutiko progresiboaren aldarria egiten du. Progresiboarena azpimarratuz, hau da: ez intentsitate gutxiegi (hegi fisiologikoa jaitsiko bailitzateke) ezta gehiegi ere (endekapenak aurrera jarraituko luke). Eginiko ikerketen errepaso interesgarria egiten du, gero protokoloa (edo ez-protokoloa, paziente bakoitzaren egoerara egokitzeko bide intuitibo xamarra denez) ere azalduz; bere horretan irakurtzea merezi duen atala da.

Honen barruan, detaile deigarri bat: ikerketen arabera, tendoiek pare bat egun behar izaten dituzte ariketen ostean guztiz errekuperatzeko; beraz epe hori utzi beharko genuke ariketa hori errepikatu baino lehen.

Jarraituko dugu, poliki-poliki JOSPT-ko monografiko horren aleak garatzen!

Youtubeko mikroiruzkina: https://youtu.be/jSZmRJka-9A

***

Oier Gorosabel Larrañaga

http://abante.eus/

Anuncios