Etiquetas

,

(se puede traducir aproximadamente -y de paso echarse unas risas- con ésto)

Ikastaro honen ekarpen handiena, bistan da, ez da teknika berriak ikastea baizik eta lehendik genekizkienak arrazionalki erabiltzea. Nire bizitza profesionalean ezagutu ditudan fisio gehienen ajea horixe izan da, hain zuzen ere: teknika aplikatzaile bikainak izatea, baina haiek “bizitza errealera” ekartzerako orduan… kale. Ni neu ere ez naiz aje horretatik libratzen, noski: hain zuzen ere, horregatik eman dut izena EAE-ko Fisioterapeuten Elkargoak antolatutako ikastaro honetan.

Egia esan, gutxi gara oraindik bide hau lehenesten dugun fisioterapeutak. Hego Euskal Herrian behintzat, teknikei buruzko ikastaroak bete egiten dira, ebidentzian oinarrituak diren edo ez asko begiratu gabe; arrazonamendu klinikoari buruzkoak, berriz –Arturo Suchek berak aitortu digunez- askotan suspenditu behar izan dituzte nahikoa jende apuntatu ez delako; asteburu honetakoa, esate baterako, ozta-oztan atera da, 11 ikaslerekin; 20rako lekua zegoen. Etsigarria da, baina horixe da gure fisioterapiaren errealitatea.

Suchek, ezinbestean, sistematikoki oratu dio ikasgaiari: halere, ezinbestean baita ere, minaren egitate konplexuaren historia klinikoa osatzeko baliabideak “modu artistikoan” erabiltzera bultzatu gaitu, nolabait esateko.

Lehenengo egunean mekanismo patobiologikoak, parsimoniaren oinarria, minaren egitatean biltzen diren faktoreak, sesgoak (ikusi nahi ditugunak ikustea), erantzunaren aldagarriak, “min” kontzeptuaren ñabardurak, triagea eta piperpotoa (bandera hori / gorriak alegia 😉 ) aipatu ditugu; eta egunaren zati garrantzitsuena historia klinikoa modu arrazionalean antolatzeari eskaini diogu, teorian eta praktikan.

Bigarren egunean, berriz, min moten bereizketa landu dugu; benetan ongi datorren gauza, beinke! Teorikoki denok jakin beharko genukeen arren, eguneroko lanaren zurrunbiloan askotan ade batera  geratzen dena –mea culpa– baina tratamenduaren norabide egokia zehazterakoan erabakigarria dena. Sentsibilizazio zentralaren azalpena etorri da gero, minaren neurofisiologian sakonduz: niri apur bat gainditu nau honek, baina Such jaunaren jakituria eta konpetentzia berresteko balio izan dit: izan ere, ni baino jakitunagoak diren beste ikaskideek egindako galderei erantzun koherentea emateko gai izan baita, baita, niri gehien gustatu zaidana –horrekin irabazi nauk, Arturo-, ez zekizkien galderei “ez dakit” erantzunda (guru orojakitunekin mesfidatia bainaiz). Beldur/ekidite jarrerak, inhibizio mekanismoak, ehun bakoitzaren sendakuntza prozesua azaldu dizkigu, gaiaren muinera ailegatu arte: min disfuntzionala betikotzen duen neuromatrixaren eraikuntza… eta bere eraisketa kontrolatua, exposizio progresiboaren eta pedagogiaren bitartez. Hemen, nola ez, gauzak korapilatzen hasi zaizkigu azaldutakoa “bizitza errealera” ekarri dugunean kasu serie batekin.

Hirugarren egunean, min neuropatikoa azaltzea tokatu da; eta gero, zume-adar guztiak eskutan, otzara egiten hastea. Gaitza da, baina arazo konplikatuak ezin dira errezeta sinpleekin konpondu. Funtsean, aurreko egunetan azaldutako mekanismo neurofisiologikoak (min mota bakoitzarenak) bereizten ikastea izan da gakoa; eta gero, banan-banan, kontu handiz desaktibatzea. Esplorazioan eta patroien identifikazioan lagunduko diguten hainbat errekurtso erakutsi digu Arturok; errezeta majikorik ez, ostera. Hauxe da, biharbada, beste kurtsuekin honek duen alde nagusia: erantzunak baino gehiago, galdera gehiagokin utzi gaituela. Benetako ezagutzaren ernamuina, alegia: zorionekoak gu!

***

Oier Gorosabel Larrañaga

http://abante.eus/

Anuncios