Etiquetas


Mina egitate konplexua da, azken urteetan argitaratzen ari diren klasifikazioek argi adierazten dutenez. Nahiz eta helburu didaktikoekin bereizketak egiten ditugun, errealitatean mugak lausoak direla ikusten da. Leedseko talde honen hasierako helburua ere horixe izan zen: min nozizeptiboa eta neuropatikoaren arteko bereizketa garbia egitea. Hori neurtzeko tresna garatu ahala konturatu ziren, baina, helburu hori egokitu beharra zegoela; horretara, LANSS eskala balekoa izan arren, neuropatia mekanismoen garrantzia egiaztatzeko balio digu; ez ostera, faktore neuropatiko hori zenbatzeko. Hemen dago irakurri dudan artikuloaren erreferentzia (berez, “Pain” aldizkarian 2001an argitaratutakoaren itzupena da):

Test baten balidazioari buruzko artikulua izanda, bere parametro estadistikoei buruz luze eta zabal aritzen da. Atal hori ulertzeko ahalmena dutenek iruzkindu dezakete; nik neuk ondorioarekin gelditzen naiz bakarrik. Alegia: LANSS testa balekoa dela min batean konponente neuropatikoa garrantzitsua den edo ez zehazteko.

Hortik aurrera, aipatzeko modukoak iruditu zaizkit:

  • Minaren sailkatze klasikoak (akutua/kronikoa, malignoa/benignoa…) iraungita daude.
  • Mina biomekanismoen arabera sailkatuz gero, azpitalde handi bi bereiz ditzakegu: ehun neurologikoak eragindakoa (min neuropatikoa), eta beste ehun guztiena (min nozizeptiboa).
  • Min neuropatikoaren ezaugarriak anitzak dira; bibliografia zabalean jasota daude.

Eskala hau garatzeko, lehenengo Leedseko ospitaleko Min Kronikoaren Tratamendu Zerbitzuko paziente talde bati azterketa mediko arrunta egin zitzaion, haien mina neuropatikoa edo nozizeptiboa ote zen ebazteko. Honen ostean, azterketa medikoaren emaitzak jakin barik, Bennettek eskala frogatu zuen haiekin. Elkarrizketan sei min mota desberdin planteatu zitzaizkien pazienteei, haien sintomekin ondoen egokitzen zena aukeratzeko; gero azterketa sentsoriala egin zitzaien, mina sumatzen duten lekuen sentikortasuna kontroleko beste leku batekin alderatuz; azkenik, minaren intentsitateari eta maiztasunari buruz galdetu zitzaien.

Testaren emaitzak diagnostiko errealekin erkatuz, LANSS eskalak faktore neuropatikoaren presentzia neurtzeko baliogarria zela ondorioztatu zen

Emaitzen artean ikusi zen neurtutako sintomen artean ere batzuk esanguratsuagoak direla beste batzuk baino:

  • Disestesiak neuropatietan askoz ere sarriago agertzen baitira min nozizeptiboan baino.
  • Disfuntzio autonomikoak eta alodiniak ere neuropatian pentsarazi behar gaituzte.
  • Eragindako mina, min paroxistikoa eta min termikoa, berriz, koadro neuropatikoetan zein nozizeptiboetan ager daiteke.

Halan, sintoma bakoitzak pisu desberdina du puntuazioa ematerako orduan (hamabi puntutik gorako emaitzek faktore neuropatikoa handia dela adierazten dute).

Eskala honen erabilpen praktikoari buruz, esan behar da bere balioa ez dela berdina herri txiki bateko fisioterapia zentru generalista batean (nirea bezelakoa), zein min konplexuan espezializatutako unitate batean. Bigarrenean barra-barra erabiltzeko modukoa bada ere, nire egunerokotasunean min motaren ñabardurak bereizteko eta tratamendu egokiena aukeratzeko azterketa klinikoa eta anamnesia erabiltzen ditut. Halere, kasu batzutan ondo etorriko zait LANSS eskala hau (tartean peritaje kontuak daudenean, batez ere); beraz, nire test baterian gordeta izango dut.

***

Oier Gorosabel Larrañaga

http://abante.eus/

 

Anuncios