docking2015

Dijestio geldikoa naizenez, poliki-poliki dihardut JOSPT-a irensten. Ariketa ona da: izan ere, beste fisioek eginiko sintesiak eta iruzkinak ondo badaude ere, testu orijinala norberak irakurtzeak beste zera bat du. Aurretik ikasitakoak gogorarazteaz gain, ñabardura berriak gehitzen baitzaizkie, norbere gabezien arabera. Egunotan hau irakurtzen egon naiz:

Lehenengo eta behin, gauza guztien gainetik, ondorio nagusia dago: tendoiaren egituraren aldaketek ez dute minarekin harreman zuzenik. Endekapen kasu guztietan minik ez dugun bezela, min kasu guztietan endekapenik ez dagoela alegia. Hau lehendik ere bagenekien, baina azpimarratzea komeni da (ekografoak erabiltzen dituzten lankideei batez ere).

Hortik aurrera, interesgarria egin zaizkit:

  • Autoreek egiten duten bereizketa: tendinopatia izena mina eta disfuntzioa dauden kasoetarako gordetzen dute; endekapena dagoenean, berriz tendinosis izena erabiltzen dute. Kasu batzuetan bietako bakarra aurki dezakegu, eta bestetan biak. Izan ere, literaturan termino biak nahastuak aurki ditzakegu; baina arazoaren atal bereizi bi izendatzen dituzte, eta estruktura eta minaren arteko lotura ezari buruz hitz egiten digute.
  • Tendinosian aurki daitezkeen 4 ezaugarriak: zelula kopuru altuagoa; zuntzen desorganizazioa; neobaskularizazioa eta mikroetenak. Artikuluan aldaketa hauei buruzko zehaztasun ugari ematen da.
  • Irudi frogen sentsibilitatea eta espezifizitatea neurtzea gaitza dela, batez ere tendinopatia diagnostikoa zehazten duen gold estandarrik (test klinikoa) ez dagoelako. Ekografia eta erresonantzia magnetikoa alderatzen dituzten ikerketa gutxi badaude ere, banakako sentsibilitate eta espezifizitatea aztertuta daude: erresonantziak biak altuak ditu, eta ekografiak berriz, sentsibilitate altua baina espezifizitate baxua (positibo faltsu asko). Datuak globalean hartuta, sintomarik ez duten pazienteen %59en irudi frogek aldaketak erakusten dituzte.
  • Ekografian, radiologian legez, interpretazioari eremu zabala lagatzen zaiola, honek berez dituen arazoekin. Modalitate desberdinek (UTC, sonoelastografia) faktore subjektiboa gutxituta emaitzak hobeto neurtzeko balio dute.
  • Irudi frogek, bakarrik, ez dutela diagnostikorako balio; baina lesioa argi dagoenean, patologiak bereizteko (batez ere tratamendu desberdinak behar dituzten kasuan) baliotsua da.
  • Pronostiko modura, ez dago argi irudi frogen baliogarritasuna. Iikerketa batzuek baietz diote, baina further studies are needed, noski.
  • Sendakuntza prozesuaren jarraipenean ere, hobekuntza klinikoa ez da aldaketa histologikoekin bat etortzen (pazientea hobetu arren, irudi frogetan ez da aldaketa esanguratsurik ikusten). Izan ere, tendoiak handituta egotearen arrazoietako bat lerrokatutako zuntzen proliferazioa da: zama hauek hartzen dute, eta sintomak gutxitu egiten dira nahiz eta ez-lerrokatutako zuntzetan (lesionatutakoetan) aldaketarik egon ez.
  • Irudi frogak tendoi normalek kargaren aurrean duten portaera normala ulertzeko baliogarriak dira; patologia bera aurreikusteko balio ez arren, haren oinarrian dauden fenomenoak ulertzeko alegia.

Ezinbesteko testua da ekografoak erabiltzen hasi diren fisioendako. Izan ere, modak duen arriskuan erraz eror daiteke: aparatu garestiak erostea, haiek ongi erabiltzen jakin gabe, eta garrantzitsuena, diagnostikorako beharrezkoa den prestakuntza sakona izan gabe. Nik neuk eremu horretan sartzeko asmorik ez badut ere, artikulu honetan esaten diren gauza asko baliogarriak izan zaizkit, eta zuekin konpartitu nahi izan ditut.

***

Oier Gorosabel Larrañaga

http://abante.eus/

Anuncios