Noizean behin abestiren bat buruan sartu eta ezin atera ibiltzen gara. Hori da Ruper Ordorikaren abesti honekin gertatzen zaidana, baina ez bereziki euskadun izateak ekartzen dizkidan buruhausteen erruz, baizik eta fisioterapia defendatu nahi izateak sortarazten dizkidan haserreen eraginez. Maite dudan ogibidea zaindu nahi dut, baina ez dakit lortzen dudan.

Euskal Telebistako programa batek intrusismoari tarte bat eskeini diote. EFEOko idazkariari egindako elkarrizketa bat agertzen da, grabatua, eta honek fisioterapeuten arazo honi heltzen dio gaiaren muina mahai gainean jarriz. Programan bertan, hizlari agertzen da Eneko Van Horenbeke arraunlari famatua, osteopatia ikasi duena, ikasketa hauen legezkotasuna aldarrikatuz (Europako beste estatu batzuk adibide bezala jarriz). Berak ez du fisioterapia ikasi baina pazienteak tratatzen ditu eta hori egiten jarraitzeko eskubidea aldarrikatzen du. Sentitzen dut Eneko, nik melokotoi bat izan nuke baina ez da posible. Eta posible ez dena, ezin liteke.

Kirol Zientzia eta Jarduera Fisikoan titulua dutenak (KZJF) ere borrokan ditugu. Autobidean goazela, osteopatak, kiromasajistak eta bestelakoak ezkerreko errailetik doaz gure konpetentziak euren gain hartzeko nahian eta guk, zuhur, ispilutik kontrolatzen ditugu. Baina ez ditugu eskuineko errailetik, isil-isilik, aurre hartu nahi diguten beste intrusista batzuk ikusten. Bai, KZJF-ekoei buruz ari naiz. Fisioterapeutak, ebidentzia gutxi (edo bat ere ez) dituzten teknikak besarkatu ditugun bitartean, albo batera utzi dugun ariketa terapeutikoa “lapurtu” nahi digute eta pazienteak ariketa fisikoarekin tratatzen hasi dira. Isilik, baina azkar.

Euskal Herriko Unibertsitatean, etorkizuneko fisioterapeuten formakuntza bermatu behar duen erakundean, Fisioterapia Graduan fisioterapeuta ez diren irakasleak topatzea ez da zaila. Zelan espero dugu gure ogibidearen errealitatea ezagutzen ez dutenek bere alde borrokatzea? Ez dakit, baina niri zaila egiten zait ulertzea.

Zorabiatu egiten naiz horrelakoak ikustean. Sarritan ez dut guzti honen aurka borrokatzeko indarrik. Sare sozialetan polemikak, pazienteekin eztabaidak, lagunekin debateak…. Eta denak berdin dirau, edo txarrago.

Agian, Oier Gorosabel lankideak Fisteus proiektua martxan jartzeari buruz ari ginenean idatzitako hitzak gogoratzeak on egingo dit: “Hau, lagunak, ez da sprint bat, fondo-lasterketa bat baizik”. Berarekin ados nago baina, ze distantziari buruz ari gara? Eta garrantzitsuena: helmuga toki jakin baten geldirik dagoen marra bat da ala gero eta gehiago urruntzen den gailur utopikoa?

tired

Anuncios