Sin título

Zorioneko JOSPT aldizkariaren hurrengo artikuluarekin, argi ikusi dut azken urtean hainbat lankideri entzundakoa egia dela. Bai: kontsultan, ohatilari protagonismoa kendu beharko diogu, lurreko koltxonetari emateko. Gaztea nintzenean bezala! 😉

  • MALLIARAS, Peter. COOK, Jill. PURDAM, Craig. RIO, Ebonie. Patellar tendinopathy: clinical diagnosis, load management, and advice for challenging case presentations. Journal of Orthopaedic & Sports Physical Therapy 45(11):887-898. http://www.jospt.org/doi/pdf/10.2519/jospt.2015.5987

Artikulu honetan zehar, autoreek rotula-tendinopatiaren eboluzioa baldintza dezaketen faktore ugari izendatzen dituzte, progresioa eraldatu edo konplikatu dezaketenak. Behin beste patologiak bazterturik (Hoffaren gizen-kuxina, femur-patela giltzadura, plika, kartilagoa…) rotula-tendinopatia espezifikoki tratatzeko 4 mailatako berrabiltze programa proposatzen dute. Helburua kargaren aurreko tolerantzia handitzea da. Hasieran karga maximoen erabilpena murrizten da, progresiboki igotzen joateko. Kargaren egokitasuna hurrengo 24 orduetan minak izan duen portaerari erreparatuz erabakitzen da: mina ariketaren aurreko mailara itzuli bada (EBA edo VISA-P eskalak), karga hori onargarria da; bestela, ariketa gogorregia izan dela ondorioztatzen da. Esandako moduan, tratamendua 4 mailatan burutzen da:

  1. Ariketa isometrikoa. Kontrakzio luzeak (45’’ inguru), tarteko atseden luzeekin (2’) eta karga maximoaren %70ean. Halere, “spanish squat” delakoa proposatzen da aukera gisa, zeina, ezin den berez kontrakzio isometrikotzat hartu. Nik ulertzen dudanarengatik beraz, isometrikoa/isotonikoa baino garrantzitsuago, ariketa fase honen eraginkortasuna leuna, progresiboa eta erantzun mingarrira egokitua izatean datza.
  2. Ariketa isotonikoa. Fase honetan sartzeko unea minak markatzen du (berau egitean 3/10tik behera dagoenean). Ariketa bilateralak barik, lesionatutako aldea gehiago landuko dutenak lehenesten dira. Beti belaunak onartzen dituen karga handienarekin.
  3. Energia-metatze ariketak. Fase hau hasteko 3 baldintza ezartzen dira: gutxieneko indarra izatea; ariketek eragindako mina 3/10 baino gehiagokoa ez izatea; eta 24 orduren barruan normaltasunera itzultzea. Ariketa hauek era askotakoak izan daitezke: jauzi bertikala eginda lur hartzea, azelerazio/dezelerazioak, bat-bateko norabide aldaketak… poliki-poliki, bakoitzaren kirolean egin beharreko mugimenduak erreproduzituz. Ariketa mota hau 3 egunetik behin planteatzen da, kolagenoaren erantzuna 72 ordutara luza omen daitekeelako (Langberg 1999), baina minaren portaera kontuan hartzerakoan 24 ordutako epearekin jarraituko dugu. Progresioa erantzunaren araberakoa izango da, 1. eta 2. mailatako ariketak ere txandakatuz premiaren arabera (ariketekin pasatu egin bagara, eta mina handitzen bada adibidez).
  4. Kirolera itzultzea. Aurreko simulazioek maila errealera hurreratu ahala, “benetako” kirol-saioak hasiko dira, premiaren arabera aurreko mailetako ariketak ere erabiliz.

Progresio teoriko honetan hainbat arazo ager daitezke. Autoreek identifikatu dituztenen artean:

  • Epe desegokiak.
  • Minaren gaineko uste eta espektazio desegokiak.
  • Sentsibilizazio zentrala (edo hobeto esanda, hura kudeatzen jakin eza).
  • Tratamendu pasiboekiko zaletasuna.
  • Inguruko muskulu eta giltzaduren konpentsazioak, defizitak edo biomekanika desegokia.

Bistan denez, protokolo hau ez da errezeta miragarria, baizik eta kirolariaren jarduna zorrotz gainbegiratzea eta planifikatzea eskatzen duen prozedura. Beraz “terapia pasiboen hartzaile pasiboa” izatera mugatzen den pazienteak pronostiko eskasagoa izango du, bere buruaren jabe denaren aldean. Tratamenduan kirolariaren inplikazio handia behar da, terapeutarekin elkarlan estuan; eta prestatzaile fisikoren bat tartean egongo denez, hura ere taldean integratu beharko dela begibistakoa da.

***

Oier Gorosabel Larrañaga

http://abante.eus/

 

Anuncios