Etiquetas

Sin título

Bagoaz JOSPT aldizkaria ustiatzen, gutxi falta da amaitzeko. Oraingoan artikulu hau irentsi dut, poliki-poliki:

Izenburuak argi esaten duenez, artikulu honetan tendoien arazoetan aurki ditzakegun fenomeno patologikoak azaltzen dira, azkenengo ebidentziaren harira (badakizue nola den hori: uste erdi ustelak kanpora, frogatutako gauzez ordezkatuta) . Fisiopatologia, aitortuko dut, ez da nire gustuko gaia. Bakoitzak bere zaletasunak ditu, eta nik, egia esan, testu batean prostaglandina, makrofagoa eta P sustantzia kopurua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago kostatzen zait haria hartzea: horregatik pasatu dut hainbeste denbora artikulu honekin, besteak beste. Dena den, gustuko edo ez, argi dut gai hau benetan gustatzen zaidana egiteko kontuan hartu beharrekoa dela. Gainera, lehendik “kanpaiak” entzunak nituen, nik baino gehiago dakiten lankideen aho txiokarietatik; beraz, ez zait hain gaitza ere egin bertak esandakoak ulertzea. Eta zerbait ikasi dut, hori baietz.

Hasteko, artikuluan nomenklatura kontuak argitzen dira: tendinitis / tendinosis / tendinopatia arteko ñabardurak, pro eta kontrak argitu eta gero, ingelesezko stiffness kontzeptuaren esanahi bikoitz eta kontraesankorra azaltzen da, euskaraz gogortasuna-rekin gertatzen den antzekoa (sendoa adieraz dezake, baina baita mugikortasunik gabekoa ere).

Gero, tendoi normalaren ehunen deskribapena egiten da, eta tendoi patologikoan izaten dituen aldaerak azaltzen dira: kolageno zuntzen nahasmena, eta III tipokoen ugalketa; neobaskularizazioa eta nerbio zuntz sensibleen ugalketa; zelulaz kanpoko matrixaren ureztatzea; tendoiaren egituraren nahasmena; nekrosi guneak, hiperzelularitate guneekin txandakatuta.

Inflamazioaren paperari buruz ere azalpen mamitsua ematen du, detaile handiekin (makrofago eta sustantzia P gehiegi, nire ulermenerako). Laburbilduz, edo nik ulertu dudana behintzat, hauxe da: duela gutxi arte uste zena baino txikiagoa dela inflamazioaren papera, baina horrek ez duela esan nahi tendinopatia batean inflamaziorik ez dagoenik: badago, eta modu esanguratsuan gainera. Irakurri artikulua, nire berbek baino gehiago argituko dizue eta.

Bestalde, zuntz hausturen eta tendinopatien arteko harreman estua azaltzen da, histologikoki berdinak baitira, baina distribuzioaren arabera tratamendu zeharo desberdinak behar izaten dutenak.

Patomekanika aldetik, tendoien inguruan aurkitzen diren beste disfuntzioen auzia planteatzen da: zer dira, tendinopatiaren jatorria, edo haren ondorioa? Galdera erretorikoa da, noski: sekulan ez dugu jakingo, baina arazoa ulertzerako eta tendoiaren zama distribuzio egokia bilatzerako orduan kontuan hartzeko faktorea da, duda barik.

Interesgarria da, halaber, tendinopatiak klasifikatzeko proposatzen den sailkapen boskoitza, hau da, bost parametro independiente neurtuta (denbora, ehuna, haustura gradua, arrisku faktoreak eta besteak), hurbilketa diagnostikoa errazteko eta tratamendua haien arabera egokitzeko.

Kuriosoa iruditu zaidan datua ere ikusi dut: maila altuko zenbait kiroletan, tendinopatiaren prebalentzia ia unibertsala dela. Normaltzat kontsidera dezakegu, beraz?

Azkenik, gure espezialitatekoa ez izan arren, gure lanean eragina izan dezakeen faktore baten berri ere ematen da: efektu sekundario bezala tendinopatia eragin dezaketen farmakoak (estatinak, fluorokinolonak eta kortikosteroideak).

Hauxe da artikulu honi buelta batzuk emanda neuk ikasi dudanaren zirriborroa. Eta zuk? Zer ikasi duzu?

***

Oier Gorosabel Larrañaga

http://abante.eus/

Anuncios