CIN roncal 1

Ref:

  • ARGUISUELAS, Maria D. LISO, Juan Francisco. SANCHEZ-ZURIAGA, Daniel. MARTINEZ-HURTADO, Isabel. DOMENECH-FERNANDEZ, Julio. 2017. Effects of Myofascial Release in Nonspecific Chronic Low Back Pain. A Randomized Clinical Trial. Spine 42(9):627–634. https://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed/27617838

Espainiar Estatuko fisioterapiaren panorama ez oso pozgarrian (“a mi me funciona” da gure lankide gehienen armarriko leloa), zientziaren bidea nekeza eta geldia da. Zentzu horretan, interesez harrapatu nuen erreferentzia hau, jarraitzen ditudan fisioterapia blogetako batean. Izan ere, osteopatia ikasi dudan neurrian (EOM, 6 urte), nire egunerokotasunean erabiltzen ditudan teknika miofaszialen baliogarriotasunari buruzko ebidentzia garatzeari garrantzi berezia ematen diot, arlo horretan dagoen hutsune handia betetze aldera.

Entsegu honetan liberazio miofaszialeko tekniken aurrean minak, desgaitasunak eta beldur/ekidite jarrerek izan duten aldaketak neurtu dira.

Arazoa, baina, hasiera-hasieratik ikusten da: diseinuari buruzko informazioa ematen denean, double blind izaera aitortzen zaio entseguari, baina hori ez da egia. Entseguaren garapena irakurtzen dugunean ikus dezakegu: itsutze hori pazienteei eta emaitzak jaso dituzten ikerlariei egin zaie, baina ez terapeutei.

Beste hitz batzuekin esanda: terapeutek uneoro jakin dute zein motatako liberazioa egiten ari ziren (“benetakoa” edo “faltsua”). Honek alborapen arrisku handia dakar. Alde batetik, terapiaren ezaugarri asko kontrolaezinezkoak dira, eta oso gaitza da jarrera berdina mantentzea egiten ari zarena gauza eraginkorra dela sinesten duzunean, edo 40 minutu denborapasan aritzen zarenean (eskuak pazientearen gainean pasiboki mantenduz); pazienteak ez dira tontoak, eta gauza hauekin konturatzen dira. Bestalde, bistan da ikerlariei aldez aurretik emaitza konkretu bat interesatzen zaiela, eta honek interbentzioa “kutsatzeko” arrisku handia dakar.

Gainontzeko prozedura (pazienteen bilaketa, taldeen asignazioa, emaitzen neurketa, azterketa estadistikoa…) oso fina izan dela dirudi. Tamalez, oinarrizko akats horrek lan guztiaren baliogarritasuna kolokan jartzen du. Halere, egileek eurek diskusioaren atalean onartzen dute arazoa, eta ez hori bakarrik: berau gainditzeko bide posiblea ere seinalatzen dute: “One of the limitations of our study was that no measurement of treatment credibility was performed so we cannot ensure the success of participants blinding”. Hau da: jasotako parametroen artean, pazientea “noraino engainatu dugun” neurtzea. Galdetegiren baten bitartez erantzun mota bi jasoko genituzke, gutxienez: “terapeuta honek adarra jo dit” tipokoak, edo “baleko tratamendua egin dit” tipokoak. Entsegu honetan ikertu nahi izan dena argitzeko, informazio baliogarriena bigarren multzoko pazienteek emango liguteke.

Nor animatuko da entsegua zuzenketa horrekin egitera? 😉

***

Oier Gorosabel Larrañaga

http://abante.eus/

 

Anuncios