Oinzolako fasziopatia: arrisku faktoreak eta tratamendua

Zorte onez eta uste baino lehenago lan egiteko ordua iritsi eta fisioterapeuta ofizial moduan jaso dudan lehen pazienteak zer eta fasziopatia plantar edo orpo plantarreko mina zuela esan zidan. Orduan hasi ziren arazoak sortzen nere buruan; ondo egin al dut balorazioa? Nola tratatuko dut? Zein ariketa bidali diezaioket? Eta beste mila galdera buruan. Honi aurre egiteko, honen inguruan dagoen ebidentziaren bila hasi nintzen. Askotan, artikuluak irakurtzeak aspertu egiten nau eta blog desberdinetara joan ohi naiz informazio bila, irakurketa eramangarriagoen bila. Kasu honetan, gai honen inguruan asko mintzatu izan den Tom Goom-en blogean aurkitu dut jarraian idatzi dudana, bere informazioa baliogarria iruditzen zaitelako eta eguneratua dagoen fisioterapeuta iruditzen zaidalako.

Badirudi, oinzolako fasziopatia tendinopatiekin  antzekotasunaduen baldintza dela. Patomekanika nahiz oinzolako faszian gertatzen diren aldaketa biologikoak nolabaiteko parekotasuna dutela tendoietan gertatzen diren prozesuekin. Beraz, tendoien munduan oso ezagunak diren bi fase bereizten dira hemen ere: mina dominantea den fasea (“tendinopatia erreaktiboa” deritzona) eta, bestetik, karga dominantea den fasea (“tendinopatia degeneratiboa” deritzona).

Balorazioa eta diagnostiko diferentziala alde batera utzita eta oinzolako fasziopatia duela onartuta, arazo honek dituen arrisku faktore eta tratamenduan zentratu naiz. Oinzolako fasziopatia (OF) klinika mailan buruhauste handiak sortzen dituen baldintza da, alde batetik, patologia honen jatorria ez dagoelako oso argi eta, bestetik, literaturan honen inguruan ez dagoelako gida zehatzik ezta tratamendu plan zehatzik ere. Beraz, lehen pazientea erronka ederra!

Arrisku faktoreak asko dira eta emaitza desberdinak azaldu dira ikerketetan, askotan kontraesanak ere bai. Pertsona hetereogeneoetan gertatzen den baldintza da, eliteko kiroleko pertsonetan, pertsona aktibo zein sedentarioetan. Arrisku faktoreak intrinsekoak eta extrinsekoak izan daitezke, baita faktore aldagarriak eta aldaezinak direnak. Kasu honetan, lehenengo sailkapena erabiliko dut. Faktore intrinsekoak dagokienez, esan bezela, emaitza aldakorrak agertu dira. Gorputzeko masa indizearekin erlazioa duela ikusi da, logikaz, zenbat eta pisu gehiago izan indar mekaniko handiagoak jasango baititu fasziak. Oineko jarrera kontan hartuta, arku plantar baxua OF-rekin erlazionatzen da baina baita ere arku plantar altua, beraz, zer konsideratzen da altua eta zer baxua eta zergatik uste duzue bi kasuekin dagoela erlazionatuta? Badirudi, oinaren gehiegizkoa pronazioak eta beheko gorputzadarren arteko luzeera desberditasunak korrelazioa duela OF sufritzearekin. Egitura desberdinen propietate elastikoak ere bere eragina dutela ikusi da; besteak beste, Akileseko tendoiaren gehiegizko zurruntasunak eta iskiotibialen elastikotasun faltak erlazio izan dezakeela ikusi baita.

Orain arte aipatutako faktore intrinsekoak egitura anatomiko jakin batzuk baldintzatzen dituzte. Batzuk zioten zangoko eta oineko muskulatura intriseko ahula izateak (atzeko tibialaren ahultasunak, karga areagotzen zuela faszian zioten) erlazioa zuela, eta beste batzuk, zehatzago izanez, oineko ebertsoreen eta behatzen flexoreen indar faltak OF-rekin korrelazioa zuela aurkitu zuten. Mugikotasun artikularrak ere bere papera baduela ikusi zuten batzuek, orkatileko dorsiflexio eta behatz lodiaren estentsio murriztu edo mugatuak erlazioa izanik OF. Hala ere, 2016an argitaratutako paper honek orain arte aipatutako arrisku faktoreak baztertu eta ROM aldaketak, indarrak eta oinaren jarrerak OF baldintzatzen ez zutela ondorioztatu zuen.

Faktore estrinsekoetan ere intrinsekoetan gertatzen zen berdina gertatzen da, emaitza oso aldakorrak dira eta ez dira batere argiak. Ariketa fisikoaren (normalean korrikalariek sufritzen duten arazoa denez korrika hartuko dut eredutzat) barruan bi aldagai aurkitzen dira, alde batetik karga kantitatea eta bestetik teknika. Kantitateari dagokionez, bolumena (saio bakoitzeko denbora edo km-ak), frekuentzia (astero zenbatero), erritmoa (denbora/km-ko) eta ingurunearen ezaugarriak hartu behar dira kontuan. Kasu honetan ere emaitza aldagarriak dira, batzuek distantzia aipatuz arrisku faktore nagusitzat eta beste batzuek erritmoa. Honez gain, badirudi ingurune aldapatsuak arriskutsuak direla OF garatzerako orduan.

Korrikako teknikak ere badu zeresana OF-an. OF eta korrikaldiko karga bertikalaren artean korrelazioa dagoela. Hau horrela izanik, badirudi, kadentzia eta pausu ratioa areagotzeak oinzolako karga murriztu, karga bertikalen ratioa murriztu, korrikaldiko hasierako zein erdiko fasean dorsiflexioa murriztu eta gluteoen aktibazioa areagotzen duela fasziari karga gutxituz. Korrikaldian zehar hankaren lurreratze bigunagoa egiteak ere karga bertikalen ratioa gutxitzen zuela ikusi zuten. Beraz, pausu azkarrago eta laburragoak emanez eta lurreratze bigunagoak egitea gomendatzen da, betiere, korrikako teknika aldaketa hauek ez duten minik eragiten beste gorputz atalen batean edota korrika saioa asko ez duten gogortzen.

Oinetakoek ere teknikarekin erlazio zuzena dute. Baldintzatzaile asko daude oinetakoak aukeratzerako orduan, teknika, pisua, korrikaren maiztasuna etab. Argi dagoena da, pertsona bakoitzaren araberakoak erabili behar direla, hau da, nahiz eta teorian gauza asko suposatu, minik ez duen edo mina murrizten duten zapatilak erabiltzea dela gomendagarriena. Hala ere, biomekanika aintzat hartuta, oinetako minimalista edo lauak direnak, printzipioz sintomatologia okertuko lukete, orpoko atala txikiagoa izanez, orkatileko dorsiflexioa handitu eta akiles nahiz oinzolako faszian tentsioa areagotuko luketelako. Ordea, sintomatologia gutxituko luketenak aurkakoak dira, orpotik hasita hatzetarainoko plataforma edo takoa dutenak.

Oinzolako fasziaren kargekin erlazioa duten faktore guztiak aipatuta honi aurre egiteko interbentzioa arrisku faktore horiek ahalik eta gehien murriztea izango litzateke. Beraz, aurrean dugun pertsona baloratu eta gure pazientearengan zein arrisku faktore den nabarmenena identifikatzea da helburua.

Orain dela gutxi arte, OF-ren inguruko ikerketak, ortesi, luzaketa eta ariketak ez diren beste interbentzioek zuten eraginkortasuna aztertu da. Hauek plazeboak baino eraginkortasun handiagoa zutela ikusi da. Fisioterapia aldetik azpimarratu nahiko nuke DiGiovanni eta taldekideak egindako ikerketa, faszia luzatzeak hobekuntza zuela ikusi baitzen. Hala ere, paziente askok sintomak izan ohi dituzte epe luzera eta tratamenduaren giltza aurkitzea zaila izan ohi da batzuetan.

Horri aurre egiteko, badirudi, karga eta fasziaren inguruko muskuluen indartzea luzaketak egitea bakarrik baino eraginkorragoa dela. Tom Goom-ek sortutako protokoloa interesgarria iruditzen zait, azken finean, orkatila eta hankeko muskuluak indartzeko planning orokorra delako. Helburua, oinzolako fasziaren karga gaitasuna areagotzea da, azkenik, pazienteek eguerokoan egiten dituzten jarduerak minik gabe egiteko aukera izan ditzaten.

Hori lortzeko karga mailakatua ezinbestekoa da. Sintomek gidatuko dute etengabe birgaiketa prozesua. Momentuan eta hurrengo egunean minik sortarazten ez duten ariketak egin behar dira, edo min oso gutxi sortzen dutenak, progresiboki fasziari karga handiagoak behartzen dizkioten ariketak proposatuz. Eta azkenik, pazientearen egunerokora itzultzen saiatu behar da, ariketa fisikoaren preskripzio egokia gauzatuz. Hau da, korrika egitera iritsi baino lehen distantzia/frekuentzia aldagaiekin jolastu, kontuan hartuz mina ez dela izan behar 2 puntu baino handiagoa EVA eskalan ariketaren momentuan. Eta horrez gain, minak jarduera egin ostean eta hurrengo egunean murriztu egin behar duela kontuan hartu behar da, bestela estimulua handiegia izan dela konsideratuko dugu. Ez ahaztu oinzolako fasziak tendoien antzeko estruktura duela eta beraz, moldaketa eta adaptazio gaitasuna ez dela berehalakoa, beraz errespetatu denborak, ariketen arteko tarteak, bestela huts egiteko arriskua handitzen da.

Horixe izan da arrisku faktore eta tratamenduaren inguruan garrantzitsuena iruditu zaidana. Hala ere galdera asko sortu zaizkit honen inguruan, laguntzerik bai? Hauek dira horietako batzuk:

  1. Estrukturaren egoera eta sintomen arteko korrelazioa dagoela erakusten duen ikerketarik ba al dago?
  2. Zuek zer egiten duzue oinzolako fasziopatia duen pertsona baten birgaiketan?
  3. Nola gauzatzen da diagnostiko diferentziala?
  4. Beste arrisku faktore garrantzitsurik ezagutzen al duzue? (psikosozialez gain, agian hauek izan daitezkeela garrantzitsuenak)
  5. Oinetakoen aldaketa edo talonera edo beste antzeko gomendiorik ematen duzue?
  6. Hobekuntza klinikoa zenbat denboran ematen da?

Milesker irakurketagatik! Espero det aberasgarria izatea zuentzat eta erantzunen zain gelditzen naiz. Eztabaida eta ikuspuntu interesgarriak elkarbanatu daitezke gai honekin, beraz, aurrera!

Anuncios

Ariketa neurrira ezartzeko gakoak (Lima et al, 2017)

Etiquetas

, ,

navidad ateismo dios religion_thumb[2]

Ref:

  • LIMA, Lucas V. ABNER, Thiago S. S. SLUKA, Kathleen A. 2017. Does exercise increase or decrease pain? Central mechanisms underlying these two phenomena. The Journal of Physiology 1;595(13):4141-4150. https://sci-hub.io/10.1113/JP273355

Aurreragokoan iturri zaharretatik edaten ibili nintzen eta, hara nolakoak diren gauzak, Peru Gorritxategi lankideak jakinarazitako honekin beste muturrera joan naiz: aste batzuk baino ez dira argitaratu denetik.

Oso interesgarria egin zait, baina irakurtzeko pixka bat gogorra ere bai. Gogoan dut, ikasten nengoela, nire neskalagun hippya eta biondako disgustu itzela izan zela jakitea gure fisiologia irakasle maitea –gure Freddy Mercury miretsiaren doppelgängerra- animaliekin ikertzen aritzen zela. Orduko gure erantzuna sinplea zen, biszerala (espresio egokia benetan), baina gaur egunean oraindik ez dut arrazoitutako iritzirik animaliekin eginiko esperimentazioari buruz. Gauza bakarra dut argi: horren berri izatea desatsegina zaidala; zentzu horretan gogorra egin zait artikulu hau irakurtzea. Ondorioak interesgarriak dira, hori ez dut zalantzan jarriko, baina horra hor eztabaida haria zabalik, heldu nahi dionarentzat. Momentuz, datozen lerroetan nire beharrerako baliagarriak diren ondorioez baino ez naiz arituko.

Artikulua esperimentuetan frogatutako egitatea azalduz hasten da: ariketa nekagarriak minaren errazten duela, alegia. Horren barruan argigarria egin zait:

  • Nekearen eta minaren arteko harremana dagoela: min kronikoan, nekea egoten da; neke kronikoa dagoenean, min kronikoa egoten da.
  • Arratoiekin eginiko esperimentuetan, nekatutako arratoiek errazago garatzen zutela hiperalgesia; hauen artean, efektua nabarmenagoa zela emeetan.
  • Neke orokorrak eragindako hiperalgesia estradiol hormonaren biartez egiten dela (honek arren eta emeen arteko aldea azaltzen du); neke fokalizatuak eragindako hiperalgesian, berriz, estradiolak ez du parte hartzen.

Ostean, egitate honekin zerikusia duten mekanismo zentralak argitzen dituzte. Ni neu detaileetan galtzen naiz (artikuluan ondo azaltzen da halere) baina laburbilduz esan dezakegu modelo esperimental desberdinetan, neuronen aktibazioa aztertu dela eta gero errezeptoreak blokeatuz hiperalgesiaren aldaketa errejistratu dela.

Hurrengo blokean, ariketa fisikoak minaren modulazioarengan duen eragina azaltzen da:

  • Errezeptore opioideek jokatzen duten papera argi geratzen da.
  • Gainera, analgesia handiagoa da zenbat eta ariketa protokoloak luzeagoak izan (6 asteraino inbestigatu direlarik).
  • Ariketa protokoloek hiperalgesia ere normaldu edota prebenitzeko balio dute.

Hemen ere fenomeno hauetan neurtu diren mekanismo zentralak azaltzen dira, gune neuronal bakoitzean parte hartzen duten neurotransmisoreak zehaztuz.

Ondorioak paragrafo bakarrean laburbiltzen dira, eta sintesi bikaina denez hura hitzez hitz kopiatzea iruditzen zait egokiena: “A single bout of fatiguing exercise in the presence of a chronic pain condition can exacerbate pain that is characterized by increased phosphorylation of NMDA receptors in the RVM, suggesting enhanced central facilitation. On the other hand, regular exercise promotes pain relief and is characterized by reduced NMDA receptor phosphorylation, suggesting reduced central facilitation. Further regular exercise reduces serotonin transporter expression, increases serotonin levels, and increases opioids in central inhibitory pathways including the PAG and RVM, suggesting exercise utilizes our endogenous inhibitory systems to reduce pain (Figure 1). We propose that there is a balance between inhibition and excitation in the central nervous system that determines whether exercise will promote analgesia or promote pain. Several factors, such as fitness level, physical activity levels, and state of the injury or pain condition influence this balance. The great majority of the animal studies examining pain mechanisms are performed in physically inactive animals, and nearly all the exercise studies are focused on aerobic exercise. Further, there is no consistency regarding intensity, duration, frequency or exercise type making interpretation difficult. Understanding the mechanisms underlying different forms of exercise, as well as the different intensities and duration of exercise that produce analgesia, will be critically important to translate animal studies to human subjects, particularly those with acute and chronic pain”.

Beraz, ariketa bai: kontua noiz, nola eta zenbat da. Lehendik argi genuen paziente bakoitzaren neurrira egokitu beharrekoa zela; artikulu honek egokitzapen horretarako gako inportanteak ematen dituelakoan nago.

***

Oier Gorosabel Larrañaga

http://abante.eus/

 

Oinarri ahuleko ikerketa sendoa (Arguisuelas et al, 2017)

 

CIN roncal 1

Ref:

  • ARGUISUELAS, Maria D. LISO, Juan Francisco. SANCHEZ-ZURIAGA, Daniel. MARTINEZ-HURTADO, Isabel. DOMENECH-FERNANDEZ, Julio. 2017. Effects of Myofascial Release in Nonspecific Chronic Low Back Pain. A Randomized Clinical Trial. Spine 42(9):627–634. https://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed/27617838

Espainiar Estatuko fisioterapiaren panorama ez oso pozgarrian (“a mi me funciona” da gure lankide gehienen armarriko leloa), zientziaren bidea nekeza eta geldia da. Zentzu horretan, interesez harrapatu nuen erreferentzia hau, jarraitzen ditudan fisioterapia blogetako batean. Izan ere, osteopatia ikasi dudan neurrian (EOM, 6 urte), nire egunerokotasunean erabiltzen ditudan teknika miofaszialen baliogarriotasunari buruzko ebidentzia garatzeari garrantzi berezia ematen diot, arlo horretan dagoen hutsune handia betetze aldera.

Entsegu honetan liberazio miofaszialeko tekniken aurrean minak, desgaitasunak eta beldur/ekidite jarrerek izan duten aldaketak neurtu dira.

Arazoa, baina, hasiera-hasieratik ikusten da: diseinuari buruzko informazioa ematen denean, double blind izaera aitortzen zaio entseguari, baina hori ez da egia. Entseguaren garapena irakurtzen dugunean ikus dezakegu: itsutze hori pazienteei eta emaitzak jaso dituzten ikerlariei egin zaie, baina ez terapeutei.

Beste hitz batzuekin esanda: terapeutek uneoro jakin dute zein motatako liberazioa egiten ari ziren (“benetakoa” edo “faltsua”). Honek alborapen arrisku handia dakar. Alde batetik, terapiaren ezaugarri asko kontrolaezinezkoak dira, eta oso gaitza da jarrera berdina mantentzea egiten ari zarena gauza eraginkorra dela sinesten duzunean, edo 40 minutu denborapasan aritzen zarenean (eskuak pazientearen gainean pasiboki mantenduz); pazienteak ez dira tontoak, eta gauza hauekin konturatzen dira. Bestalde, bistan da ikerlariei aldez aurretik emaitza konkretu bat interesatzen zaiela, eta honek interbentzioa “kutsatzeko” arrisku handia dakar.

Gainontzeko prozedura (pazienteen bilaketa, taldeen asignazioa, emaitzen neurketa, azterketa estadistikoa…) oso fina izan dela dirudi. Tamalez, oinarrizko akats horrek lan guztiaren baliogarritasuna kolokan jartzen du. Halere, egileek eurek diskusioaren atalean onartzen dute arazoa, eta ez hori bakarrik: berau gainditzeko bide posiblea ere seinalatzen dute: “One of the limitations of our study was that no measurement of treatment credibility was performed so we cannot ensure the success of participants blinding”. Hau da: jasotako parametroen artean, pazientea “noraino engainatu dugun” neurtzea. Galdetegiren baten bitartez erantzun mota bi jasoko genituzke, gutxienez: “terapeuta honek adarra jo dit” tipokoak, edo “baleko tratamendua egin dit” tipokoak. Entsegu honetan ikertu nahi izan dena argitzeko, informazio baliogarriena bigarren multzoko pazienteek emango liguteke.

Nor animatuko da entsegua zuzenketa horrekin egitera? 😉

***

Oier Gorosabel Larrañaga

http://abante.eus/

 

Analgesia Endogenoari pultsua hartzen (Nijs et al, 2016)

Etiquetas

,

Sin título

Artikulu berriek artikulu zaharrak eguneratzen dituztenez, lehenengo inpresioan ematen du ez duela merezi gai berari buruzko artikulu zaharragoak irakurtzea, ezta? Nik ere horrela pentsatzen nuen baina, horretan niharduela, konturatu naiz artikulu “zaharrak” badutela bere balioa. Alde batetik, zientziaren trazagarritasuna agerian geratzen da (zein izan da gaurko ondorioetara ailegatzeko prozesua?); bestetik, artikulu berrietan ez dira artikulu zaharren ondorio guztiak jasotzen, baizik eta egileari interesatzen zaizkionak bakarrik. Horretara, bigarrengo mailako hainbat ondorio interesgarri ez ditugu ezagutuko, artikulu zahar hori irakurri ezean. Gainera, “atzetik aurrera” irakurtzea ulermenarendako ariketa bikaina da.

Ez dut gogoratzen noren bitartez eskuratu dudan artikulu hau: “los vascos” talde konspiratzailea? “alde ilun (espainolera)” ihes egindako laguna? #IronicModeOn . Tamalez ez nuen apuntatu. Edozein dela ere, eskerrik asko berari irakurketa interesgarri honen berri ematearengatik:

Beraz, hemen komentatu genuen artikuluaren gai bereko errebisioa da, baina urte bi lehenagokoa: “Opioid Special Issue” izeneko ale berezi batean argitaratutakoa. Betiko moduan, irakurri ahala, niretako interesgarriak izan diren zenbait erreferentzia apuntatu ditut:

  • Argi dago min arruntaren gainean ariketa fisikoak duen eragin mesedegarria. Ez dago hain argi sentsibilizazio zentralaren kasuan duen eragina.
  • Ariketa fisikoak pertsona osasuntsuetan sortzen duen analgesia endogenoaren (AE) ebidentzia sendoa dago, baita hori azaltzen duten prozesu neurofisiologikoena ere.
  • Aurreko puntuarekin lotuta: ariketa fisikoa sentsibilizazio zentrala “tratatzeko” tresna garrantzitsua izan daiteke (hau da: nerbio sistema zentrala des-sentsibilizatzeko); baina errebisio honen datan honen ebidentzia maila oraindik ahula da.
  • Zenbait kasutan ariketa fisikoaren aurrean erantzun ezkorra agertzen da: mialgia kronikoetan (fibromialgia, neke kronikoa…) eta whiplash sindromean. Paziente hauetan, muskulu ez-mingarrien kontrakzioek AE pizten dute, baina muskulu mingarrienek ez. Halere, disfuntzio hau ez da gertatzen artritis eta artrosis kasuetan: haietan, kontrakzioek AE efektua ohi bezala pizten du. AE-aren disfuntzioa sentsibilizazio zentralaren presentziarekin lotu da, baina erantzun hau ongi azaltzea da erronka.
  • Honekin lotuta, artikuluan zenbait neurotransmisoreren paperari buruzko ikerketen berri ere ematen da, ondorio argirik gabe.
  • Bigarren maila batean (ia anekdotak dira), detaile pare bat ere deigarriak egin zaizkit:
    • Odolaren presioaren papera: izan ariketen eraginez, izan HTA patologikoaren kasuan, odolaren presioaren igoerak AE areagotzen du berez (fibromialgia kasuetan izan ezik; agian haietan aurkitu diren disfuntzio endokrinoekin lotuta).
    • Ariketa fisikoaren ostean, pazientearen harreta handitu egiten da fenomeno batzuekiko (izerdia, odol taupadak…) eta harreta desbideratze hau ere AE prozesuen mesedetan dela ikusi da (ariketen aferentziek aferentzia mingarriekin duten konpetentziaz gain).
    • “Fibromialgia” delakoari buruzko eguneraketa behar dudala ikusi dut; duela urte batzuk eginiko errebisiotxo honen ondorioak, beraz, kuarentenan laga beharko ditut.

Aurkikuntza hauek praktikara eramatean, autoreek ez dute zalantzarik jartzen ariketa fisikoaren komenigarritasunari buruz: entsegu puntual hauetatik aparte (laboratorioko baldintzetan eginak, nolabait esateko), min kronikoa duten paziente guztiek –sentsibilizazio zentraldunak edo ez- bizimodu aktiboa eta ariketa behar dute, aholku orokor gisan; kontua da ariketa nola dosifikatu. Egileek zenbait irizpide proposatzen dituzte (paziente bakoitzaren neurrira eginiko entrenamendua; intentsitate baxua, sintomak ez pizte aldera; mingarriak ez diren muskuluen ariketa; arlo kognitibo-emozionala aintzat hartzea; neurofarmakoen paper lagungarria…), baina haien ebidentzia ahula seinalatuz; horixe da, hain zuzen ere, bi urte geroagoko artikulu honetan landuko dutena.

***

Oier Gorosabel Larrañaga

http://abante.eus/

 

Fisio bertso trama

Jon Garateak idatzitako iruzkina.

Pazientea kamillan daukat. Minez gainezka. Azken hiru urteotan bizkarreko min eutsiezinarekin dabil, erdi-elbarri. Bizkarreko minak bizitza ondatu diola dio, ilobekin ezin jolastu, txikiteorik ez, eta zer esan lehendik ere makala zen bizitza sexualaz…

Gorputz zahar hau daukat ematen
kristorenlako burruka
lehen sorbalda, gero belauna
eta orain gerri puta
nire bizia ta nire lana
dena dit eta zurrupa
nahi duenari egingo diot
nik gerri makal hau truka
azkenaldian arazo pila
ekarri baino ez du-ta

Azken hiru urteotan tratamendurik jaso duen galdetzean, mila tratamendu pasatu dituela dio Joxek. Baserri batean bizi den txamana, bi edo hiru emoziologo… Ai Joxe, nik dakidan batek baino gehiagok entzungo balizute!! Emazteak akupunturista batengana bidali omen zuen behin. Herrian bi negozio zeuzkan txinatar bat, goizetan akupunturako kotsulta bat omen zeukan, eta eguerdi eta gauetan txinatar jatetxea…

Txino harekin nahiz nik baneukan
ai sekulako zalantza
kamillan etzan eta jarraian
dzast zazpi zortzi arantza
kristoren showa montatu nuen
mila garrasi ta arrantza
behin jatetxean hiru rollito
ez nitun pagatu antza
ta oraingoan kabroiak hartu
du aspaldiko bengantza

Medikuntza txinatar tradizionalaren hutsa ikusita, herriko kiropraktikoarengana joateko gomendioa bota zioten lagunek. Momentuan zaratak eta inpresioa ematen ei zuten baina de puta madre uzten ei zizun kontsultatik irtetzean. Behin gazte bat gurpilaulkian utzi zuenaren mitoa zegoen herrian…

Beldurra neukan bere izena
herrin rompehuesos da-ta
kamillan etzan eta hasi zen
hantxe bultza ta tiraka
besarkatuta bi eskuekin
eta bapatean kraka
ez zan normala bizkarrezurrak
han eginiko zarata
ia egin nun beldurrarekin
nik bertan praketan kaka

Behin anamnesia eta balorazioa eginik, zein tratamendu interbentzio erabili aukeratzen nabil. Aspaldi Euskal blog batean irakurritako bertso bat etorri zait gogora, min kronikoaren inguruko zerbait…